Pasa den astean gure ikastetxeko ikasleek Iñigo Gutierrez ikasle ohiarekin elkartzeko aukera izan zuten. Ogibidez publizista izanik, Iñigok Itsas Salbamendu Humanitario taldearekin elkarlanean aritzen da duela urte batzudanik, pertsona errefuxiatuei lagunduz Chios Irlan eta Mediterraneoan. Egoera hau ezagutzera emateak duen garrantziaz jabetuta, Iñigok kontzientziazio lan handia burutzen du XXI. mendean sinesgaitzak diren errealitateetara gerturatzen gaituzten hitzaldiak emanaz.

Denbora daramazu Chioseko errefuxiatuek bizi duten egoeraren inguruko hitzaldiak ematen. Noiz eta zergatik erabaki zenuen bertan bizi diren pertsonen egoera ezagutzera eraman behar zenuela?
Chiosetik lehenengo aldiz itzuli nintzenean argi ikusi nuen. Iristen diren albiste guztiak (iristen zirenak, jada ez baita albistea), ez ziren arazoaren handitasuna ez krudeltasuna islatzeko gai, eta erakunde bezala, hemen, etxean, sentsibilizazio ekintzak burutzea beharrezkoa zela ulertu genuen. Hitzaldiena nahiko modu eraginkorra da horretarako.

Iazko hitzaldian Europan gai honen inguruan egindako itunaren ondoren Chiosen bizi diren pertsonek izan duten egoera aldaketa aipatu zenuen. Zeintzuk izan dira itun honen ondorio nagusiak?
Ondorio nagusia Europara iristen diren pertsonek bizitza berri bat berregiteko esperantza guztiz itzaltzea izan da. EB-k linbo juridiko bat antolatu du eta ondorioz, europar kostaldera iristen den edonork hondoa jotzen du, ez du axola nor den edo zergatik bidaiatu duen. Gaur egun milaka dira stand by egoera batean trabatuta dauden pertsonak eta euren etorkizuna ainguratuta daukatenak, abiatzeko inongo aukerarik gabe.

Ikasleek entzuteko aukera izan zituzten testigantzen arabera, “Just wait” da Chiosen harrapatuta dauden pertsonek jasotzen duten erantzun bakarra. Nola deskribatuko zenuke euren egoera?
Chiosek gaur egun “errefuxiatu kanpamentu” bakarra dago, zeina errealitatean, giza zabortegi bat den. Kanpamenduak 800 pertsonentzako lekua zuen eta egun, 2.500 baina gehiago dira bertan pilatuta dauden pertsonak. Olanazko dendatan bizi dira, lokatz artean, nazkagarriak diren janari errazioak jasoaz egunero. Hiritik 15 kilometrotara daudenez ez dute kanpamendutik mugitzeko aukerarik. Irlan dagoen gure mediku taldea, armada taldearekin batera, jasotzen duten laguntza mediku bakarra da. Egoera definitu behar banuke…ikaragarria. Negua oso oso gogorra da irlan, -5 graduko tenperaturetara iritsiaz. Horri klima hezea gehituz gero, drama egoera bat ekartzen du bertakoentzat.

Nolakoa da Chiosen dagoen boluntario baten egunerokoa?
Ezin da jakin zer gertatuko den, gogorra da. Porturatze bat gertatu daiteke, hau da, txalupa baten iritsiera irlara edozein ordutan. Kanpamenduan larrialdiko sorospen bat eskatu diezagukete uneoro. Iristen diren boluntarioei hala esaten zaie; jan eta lo egin ahal bezain pronto, ez dakizu aukera hori berriz noiz izango duzun eta. Badaude lasaitasun uneak, baina lasaitasun iruzurtia da beti, izan ere, larrialdi zerbitzu bat gara eta hauek gutxien espero duzunean ematen dira. Boluntarioak 15 eguneko eperako joaten dira, denboraldi luzeagoak gogorregiak izango lirateke. Eguneko 24 orduz prest egon beharreko 15 egun dira.

Zein da egoera honetan dauden pertsona errefuxiatuekin zaudenean aurre egin behar duzun egoerarik zailena?
Beraien aurrean egoteak sortarazten digun lotsa sentimendua. Bizkarra eman dion mundu horren parte zarela sentitzen duzu eta ez da eramaten erraza. Gainera, zein egoera bizitzen dituzten ikusten duzunean, zein egoeratan bidaiatzen duten (txalupak tranpa hilkorrak dira), haur bat hotzagatik negarrez ikusten duzunean; gauzen zentzua topatzen saiatzen zara baina mundua zoratu egin dela sentitzen duzu. Zein delitu burutu dute horrela tratatuak izateko? Gudatik, gosetetik eta jazarpenetik ihes egitea? Ezin ote dugu gure izate lasaitik zerbait sakrifikatu, behar dutenekin partekatzeko? Une honetan gure laguntza behar duten pertsonak besterik ez dira. Eta denetarik daukagu emateko.

Ikastetxeko Ikasle Ohi bezala, zer moduz sentitu zara zure esperientzia partekatzean?
Hunkigarria izan da. Ikastetxean igarotako urteetako milaka oroitzapen etortzen dira gogora. Sentsazio atsegina izan zen nolabait bueltan egotea.

Zure bizipenak 1. Batxilergoko ikasleekin eta zentroko hezitzaileekin partekatu zenituen. Zer azpimarratuko zenuke hitzaldi hauetatik? Zerk piztu zuen zure harreta talde bakoitzetik?
Ohikoa den modura, hitzaldiak aztoratuta hasten dira, normala da. Baina emanaldia aurrera doan heinean beti berdina gertatzen da, isilpean amaitzen dute. Ikusten dutenak eragin egiten die. Galderak sakonak eta egokiak izan ziren. Beren gaztetasunaz gain, igortzen ari garen mezua primeran ulertu zutela uste dut. Eta horrela erakutsi zuten beren galderek.

Zeintzuk dira gehien interesatzen zaizkien alderdiak eta ikasleek gehien galdetzen dituztenak?
Gehien bat egoeraren inguruan galdetzen dute. Ez dute ulertzen eta harrigarria iruditzen zaie. Batzuetan guk han burutzen dugun lanaren inguruko galdera zehatzagoak egiten dituzte, baina orokorrean egoeraren zergatia da gehien arduratzen dien gaia.

Zerekin geratzea gustatuko litzaizuke ikasleak? Hau da, zein da gehien gogoratzea gustatuko litzaizukeen mezua?
Errefuxiatu bat beste edonor bezalako pertsona bat dela, bere burua eta bere familia salbatzeko asmoz ihes egiten ari dena. Beraiei gertatzen zaien hau bera, guri ere gerta dakigukeela edozein unetan, eta gure betebeharra dela gizakiak garen aldetik, eskatzen diguten laguntzari erantzun duin bat ematea.

Ikastetxe bezala nola lagundu genezake kausa honetan?
Ez dezagun egoera hau ahaztu, maila guztietan ikusarazi behar da; irakasleak, ikasleak, gurasoak, eta ahanzturan geratzea ekidingo duten ekintzak egin behar dira. Milaka gauza egin daitezke, astero egoera hau gogora ekarriko duen oroigarri bat adibidez, gertatzen ari denaren inguruko errepaso bat… Guk gure bizitzarekin jarraitzen dugun bitartean, gure Europa zibilizatu honetan egunero beren etorkizuna galtzen duten pertsonak daudela gogoratu behar dugu.

Aurten, errefuxiatuen inguruko ZUK dokumentala ikusi ondoren, Iñigok, Maydayterraneo proiektuaren parte bezala, udaran Aita Mari itsasontzia eraberritu dutela azaldu digu. Orain arte arrantzarako erabili den arrantza ontzi euskalduna da eta aurrerantzean erreskaterako erabiliko da. Azken hilabeteetan itsasontziaren erabilpen baimena lortzeko zain egon dira eta lan zaila izan den arren, lortu dute eta urtarrilean ontziratzea espero dute. Jarraian uzten dizuegu informazio gehiagorako esteka: http://www.maydayterraneo.org/nor-gara/