Izena eman al duzu? Gu dagoeneko txapak banatzen hasi gara atxiki direnen artean!
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskaraldia ospatuko da Euskal Herri osoan, euskal hiztunok edo ulertzen dugun guztiok euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin. Ariketa honek 11 egunez euskaraz hitz egitean datza, hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko.
16 urtetik gorako herritar guztiek eman dezakete izena ekimen honetan eta 11 egun horietan, bi roletako bat jokatzea aukeratu beharko dute:
Ahobizi: rol hau jokatzeko beharrezkoa izango da euskaraz hitz egiten jakitea. Talde honen egitekoa lehenengo hitza beti euskaraz egitea izango da. Besteak euskaraz ulertzen badu, erderaz erantzunda ere Ahobizik euskaraz hitz egingo dio.
Belarriprest: talde honetan parte-hartzeko gutxieneko baldintza euskaraz ulertzea izango da. Belarriprest direnek ingurukoei euskaraz hitz egin diezaioten eskatuko die eta ahal badute, beraiek ere euskaraz hitz egingo dute.
Ekimen honetan parte-hartzeko norberak bere rola aukeratu eta izena eman beharko du Euskaraldiaren webgunean. Behin izena emanda, bakoitzak dagokion taldean kokatzen duen txapa jasoko du, ingurukoek Ahobizi edo Belarriprest den jakin dezaten. Idazkaritzan dagoeneko txapak banatzen hasi gara izena eman duten pertsonen artean!
11 egunetan zehar ikurra soinean eramanda hizkuntza ohiturak aldatzearen alde egingo dugu. Izan ere, Donostian bertan 3 pertsonetatik 2k ulertzen dute euskaraz eta ariketa honen bitartez Donostiako euskara erabilera hirukoiztea espero da.
Ariketa hau bakoitzak bere inguruan, familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendatan…eguneroko harremanetan egitea proposatzen da. Jesuitak Donostian eta bertako Hizkuntza Normalkuntza Batzordean dagoeneko bat egin dugu Euskaraldiarekin sustatzaile moduan, eta zuk ere bat egitea gustatuko litzaiguke. Eman al duzu izena? Berandu baino lehen eman izena eta eskuratu zure txapa!