DBH2ko ikasleek ALBOANek antolatutako “Mugetatik haratago” proiektuan parte-hartu dute urri amaieran. Proiektu honen baitan errefuxiatuen errealitatera hurbildu dira ikasleak, teoriatik salto bat egin eta lehen pertsonan errefuxiatuen egoeran jarriaz.
Kanpoan lo eginez eta etxetik urrun, hainbeste pertsonek egunero bizitzen duten egoera gogor honen lekuko izan dira ikasleak bi eguneko ekimen honetan, eta honek hausnarketarako bidea ireki du. Mugetatik haratago proiektuari amaiera emateko, ikasleek erlijioko klaseetan gaia lantzen ari dira esperientzia honetan bizitako emozioetan oinarrituta.
Ikastetxearen izenean eskerrak eman nahi dizkiogu ALBOANeko lantaldeari horrelako proiektuetan parte-hartzeko aukera emateagatik. Ikasketa esanguratsua eskaintzeko bidean, horrelako proiektuek ikastetxea irekitzen laguntzen digute, ikasleak errealitatearekin kontaktuan jarri eta bizipen desberdinak eskainiz euren ikasketa prozesua aberastuz.
Ikasleak euren eta inguruko errealitatearekiko kontziente eginez eta egoera larrietan dauden pertsonen lekuan jarriaz lortuko dugu gure hezkuntza proiektuaren bitartez bete nahi dugun ametsa: hezkuntzaren bitartez ikasleak mundu hobeago bat eraikitzeko bidean jartzea.