Haur Hezkuntzako patioak berritu ditugu aurten. Jesuitak Donostian badakigu espazioek ikasleek ikasketa prozesuan eragin nabarmena dutela eta, ondorioz, duela hainbat urte gure espazioen eraldaketa prozesua martxan jarri genuen. Azken urratsa barrutik kanpora salto egitea izan da, eta lehen aldaketa, Haur Hezkuntzako patioetan egin dugu.
Ikastetxean abiatzen dugun eraldaketa oro hausnarketa eta diseinu lanketa sakon batekin hasten da. Kasu honetan, espazioak nolakoak izatea nahi genuen lankidetzan definitu genuen eta, estreinatu berri ditugun patioek, helburu zehatz batzuei erantzuten diete. Jarraian Haur Hezkuntzako patioen oinarri nagusiak azaltzen dizkizuegu.
Erabilera mugagabeak
Ikasleen irudimena eta sormena mugaezina bada, espazioen bitartez zergatik mugatu? Patio berrian sortu diren gune eta espazioek jolasteko askotariko moduak sustatzen dituzte, jolasteko modua zehaztu gabe. Gainera, patioek aniztasunari erantzuten diote, ikasle desberdinen beharrak aintzat hartuz; lasai egoteko txokoak bikain elkarbizi dira korrika ibili nahi duten ikasleekin.
Naturarekiko harremana
Landareak, egurra, hondarra… Ikasleak naturarekin harremanetan egotea nahi dugu, ondorioz, material eta elementu naturalen aldeko apustua egin dugu patio berrietan, elementu jasangarriak lehenetsiz, plastikoa eta burnia ahal den neurrian ekidinez.
Ikasleen trebeziak sustatu
Segurtasunari uko egin gabe eta ziurtagiri guztiak bermatuz, patioan ikasleen ausardia eta ekimena sustatuko dituzten erronkak topatu daitezke, besteak beste, alturak, eskalada… Patioak motrizitatearen lanketarekin lotzen badira ere, askoz aberatsagoa da bertan landu daitezkeen trebezien zerrenda.
Kurrikulumarekin lotura
Ikasleek gelan lantzen dituzten eduki eta ezagutzak txertatzeaz gain, landareak edo xomorroak adibidez (xomorroen hotelak instalatu nahi dira), gelan egiten diren hainbat ekintza kanpora ateratzea dugu helburu. Ikerketek diote aire librean egoteak inpaktu positiboak dituela garunean, beraz, etekina atera nahi diogu gelak eta patioa hain gertu egoteari eta ditugun gelako elementu guztiek eskaintzen diguten malgutasunari.
Zaintza eta ardura partekatua
Guztiona dena guztion artean zaintzen ikastea ezinbestekoa da eta patio berriak aitzakia bikaina bihurtu dira ikasleak gauzekiko errespetuan eta zaintzan trebatzeko. Hondarra, hostoak, landareak… Jolasean ibili ondoren, dena bere lekuan uztea ezinbestekoa da itzultzen direnean gozatzen jarraitu ahal izateko. Ikasleek bikain barneratu dute haien ardura eta modu eredugarrian ari dira patioa erabiltzen!
Gozatu eta zaindu ditzagun, beraz, Haur Hezkuntzako patio berriak. Gure ikasleek nola erabiltzen dituzten ikustea baino konrimazio handiagorik ez dago ematen ditugun urratsak norabide egokian doazela ikusteko.