Eta matematikak logika eta ulermena sustatuz landuko bagenitu?
ABN metodologia (Abierto en Números), matematikak era manipulatiboan, esperimentalean eta, batez ere, pertsonalizatuan lantzeko Jesuitak Donostian aukeratu dugun metodologia da, hau da, ikasle bakoitzaren erritmoak errespetatzen dituena.
Haur Hezkuntzatik, matematiken lanketa logikan oinarrituz lantzen dugu. Orain arte, ikasle askok modu automatikoan barneratzen zituzten zenbakiak. ABN metodologiak, aldiz, ikasleen eguneroko errealitatean dauden objektuak erabiliz zenbakiak ukitu, mugitu eta kontatzeko dinamikak proposatzen ditu. Honi esker, kontzeptuen ulermena sustatzeaz gain ikasketa esanguratsua izan dadin bermatzen da. Gainera, ABNk ez du modu bakar bat ezartzen emaitzara iristeko, modu anitz proposatzen ditu; ondorioz, ikasle bakoitzak bere ikasketa bide propioa egin dezake.
ABN, matematikak ikasteko modu desberdin bat da, ikasleen motibazioa sustatzen duena eta ikasleentzako matematikak erakargarriak izan daitezen indartzen duena. Nola lantzen dugun ezagutu nahi duzu? Jarraian duzun bideoan azaltzen dizugu.