Argiaren hiriko aurpegirik ilunena

Parisko Inaziotar Bideari esker, lehenengo Batxilergoko ikasleok gure gizartean dauden ezberdintasunak ikusi ahal izan ditugu.

Abenduko zubian Parisen beste aurpegi bat ezagutzeko aukera izan dugu; pertsona aberatsen alboan neurriz kanpoko pertsona behartsuak eta baztertuak bizi diren aurpegi bat. Gure gizartean dauden kontraste ezberdinak ikusi ondoren eta egoera hauek hobetzen laguntzeko egin dezakegunaren inguruan hausnartu ondoren, aurrerago kontatzen joango garen ideia eta proiektu ezberdinak bururatu zaizkigu, Donostian bizi diren errefuxiatuekin antolatutako topaketak adibidez. Topaketa hauetan plan ezberdinak burutu genitzake, zerbait hartzera joatea, beraiekin paseatzea, kirolen bat egitea, eta abar.

Egiaren bilaketako egunkaria:

  • 1. Eguna:

Asteazkenean erronka berri batekin esnatu ginen frantziar hiriburuko aterpetxe batean: Lafayette Galerien inguruan aurkitzen genituen etxe politei, luxuzko kotxeei eta baliozko objektuei argazkiak atera behar genizkien. Bazkalostean hain distiratsua ez zen leku bat ikusi ahal izan genuen Holokausto Juduko Museoa (Shoah) bisitatzera joan ginenean. Baina aurpegirik ilunena iluntzean ikusi genuen, 18 auzoa bisitatu genuenean. Auzo hau, Parisen immigrazio gehien duen auzoa da eta bertan ikusitako guztiak hiriaren atal honek duen ikusezintasunaren gainean hausnartzera bultzatu gintuen.

  • 2. Eguna:

Ostegun goizean bezperan egindako hausnarketatik abiatu ginen eta bi errefuxiatu ezagutzeko plazera izan genuen. Eurekin konfiantza lantzeko ariketa ezberdinak egin genituen, baita antzerki-tailerra ere Kendrick miragarriarekin. Beranduago, Marcela ezagutu genuen, SRJ-ko (Errefuxiatuen Zerbitzu Jesuita) kudeatzaileetako bat, eta Welcome integrazio programak nola funtzionatzen duen azaldu zigun berak. Ondoren ideia-zaparrada hasi zen eta ekimen ezberdinak irten ziren, abenduaren 22an ospatuko den afari solidarioa esaterako. Afari hau Batxilergoko 1 eta 2.mailako ikasleok antolatuko dugu eta etxerik gabeko pertsonekin partekatuko dugu.

  • 3. Eguna:

Ostiralean Sorbonako Unibertsitatea, Santa Barbarako Ikastetxe Nagusia, Santiagoko Dorrea eta Latindar Auzoa bezalako leku Inaziatarretatik ibilbide bat egin genuen. Horrela Loiolako Inazioren bizitza apur bat hobeto ezagutu ahal izan genuen. Arratsaldean Sacre Coeur-era joan ginen, eta margolarien auzotik paseatu ondoren eukaristia txiki bat egin genuen Saint Étinne-ko kaperan, Jesusen Lagundiko sehaska denean. Beranduago, Sèvres-ko kaperara itzuli ginen eta egun guztian zehar bizitzako guztia errepasatu genuen, baita guztiarengatik eskerrak eman ere. Amaitzeko, SJR sarearekin inprobisatutako afari batean parte-hartu genuen errefuxiatuekin eta haien harrera familiekin batera. Gau-ekitaldia amaiera aproposa izan zen gure bidaiarentzat, eurekin hizketaldi eta abestiak partekatzeko aukera izan baikenuen.

  • 4. Eguna:

Larunbatean guztia jaso eta Donostiara itzuli ginen, bidaia aparta izan zen zubian bizi izandako guztiaren inguruan hausnartzeko. Mundua benetan nola dagoen ikusi genuen; jendeak nahiago duela begiak itxita bizi begiak ireki eta errealitateari aurre egin baino, besteentzako zerbitzuan bizi baino. Bidegabekeriaz beteta dagoen gizarte honek laguntza eskatzen du oihuka eta inork ez du bere mezua entzuten. Baina guk bai, guk entzuten dugu, eta behar horiei erantzuteko proiektu bat garatzea erabaki dugu. Errefuxiatu Proiektuarekin 4. DBH-n eta Batxilergoan laguntzeko prest dauden ikasle guztiak bildu nahi ditugu gure hondar-alea ematen hasteko. Joango gara apurka aurrerapen gehiago ematen eta parte-hartzera animatzen zaituztegu!
Marta Sanz Aizpiri, 1. Batxilergoko ikaslea

Iparra bilatzen… Paristik barrena

Autorea: Itxaso Aramburu

Abenduko zubia zubi berezia izan da lehenengo batxilergoko ikasleentzat. San Ignacio de Loyolaren pausuak jarraituz Parisko bidaian esperientzia interesgarri zein aberasgarriak bizi ditugu.

Paris ezagutzen ez dutenek, ikusi dute argiz betetako hiria dela, kultura aldetik aberastasun izugarria duen hiriburua. Gure esperientziaren 3 egunetako lehenengoa, Louvre museoa bisitatuz. Bertan, herrialde eta garai desberdinetako margo eta eskulturak ikusi genituen. Arratsaldean eguzkia lagun genuela erdialdea bisitatuz Notre Dame katedralera ere egin genuen bisita. Konturatzerako, jada gaua da eta ohartu gara Parisen eguna Donostian baina motzagoa dela. Eguneko gogoetak partekatu eta hurrengo egunerako prest!

Bigarren eguna iritsi da eta gure fundatzailearen pausuak jarraitu eta, bere bizian Pariseko egonaldia oso garrantzitsua izan zela konturatu gara. Sorbonako unibertsitateko ikasle ilustreen artean bere izena aurkitu eta Monmartrera bidean jarri gara. Auzo txiki eta erakargarri honetan erosketaren bat egin eta ezin izan dugucrêpe gozoren bat ere erosteko tentaziotik aldendu. Ilunabarra aprobetxatuz, bisitatzea ezinbestekoa den Eiffel dorrera joan gara. Bidean, Saint Denis-eko kriptan une esanguratsua bizi izan dugu, San Ignacioren bertako bilera gogoratuz, orduan hartutako konpromezuari keinu bat eginez.

Azken egunean, Pariseko kontrasteak ikusteko aprobetxatu dugu. Bisitatzeke dugun Arc du Triomphen hasi dugu gure ibilbidea, Champs Elyssées-etatik jaitsiz. Kalea oso lasai dago, ematen duenez astelehen goiza ez da luxuzko erosketak egiteko ordu aukeratua. Horrek denda artean lasai paseatzeko aukera eman digu, erakuslehioetan dauden zenbaki potoloak gehiegi begiratu gabe, badaezpada. Behin luxuzko gunea pasata, gabonetarako prestatutako gunea izan dugu, Concorderaino.

Goizaren zati honetan ikusitakoaz gogoeta egin ostean, iparraldera joan gara, Saint Denis-eko basilika aldera. Metrotik atera eta Paris cosmopolita bat ikusi dugu, baina honek ez du baldosarik metroko paretetan, mundu guztiko dendak dauzka baina prezioak ohikoak baino bajuagoak dira. Paris honetako markak, bakoitzaren bihotzean dauden zauriak izan daitezke, errealitate gordin ezkutu batean, ikustezin mantentzen diren egunerokotasuneko zaltasunek sortuak.

Hau izan da agian, gure bizitzaren ipar-orratza nora zuzendu behar dugunaren gogoeta egiteko indarra eman diguna. Begiak ireki eta itzul gaitezen egunerokotasunera, errealitatearen itzal eta argiak kontuan hartuz.
camino_ignaciano_2016_2