Nola egiten dugu lan Lehen Hezkuntzan?
Hezkuntza sistema azken urteetan eraldatu dela esatea ez da berria. Gizarte-erronka berriei aurre egiteko, hezkuntza sistemak erantzun berriak garatu ditu, eta ikastetxe gehienek, bakoitzak bere ibilbidea eginez, gure egiteko modua aldatu dugu, gure ikasleei eta familiei ahalik eta eskaintzarik hoberena emateko beharrari erantzuteko.
Jesuitak Donostian ere urte asko daramatzagu gure Hezkuntza Eredu Propioan sakontzen, 10 urte baino gehiago, eta aldaketa oso sakonak egin ditugu gure proiektu pedagogikoa aberastu eta hobetzeko. Azken helburua, ikasketa pertsonalizatuan sakontzea da. Gaur badakigulako hori dela hezkuntzaren benetako erronka, eta batez ere, hori egitea posible dela.
4 atal nagusitan oinarritu dugu gure eraldaketa guztia: espazioak, kurrikuluma, ordutegia eta antolakuntza. Honen adibide dira, esate baterako, ikasgaiak proiektu bihurtu ditugula, edukiak modu konektatuan lantzeko asmoz; espazioak eraldatu ditugula ikasketa modu desberdinak posible egiteko; unitate didaktikoak berrantolatu ditugula, gizakiok dugun ikasteko modu naturala errespetatzeko eta ikasketa autogidatua indartzeko; edota, ikasketa partekatuan lan egiten dugula aniztasunari hobeto erantzuteko.
Jarraian ikusgai dituzun bi bideo hauetan, Alaia Fernandezek, Lehen Hezkuntzako koordinatzaileak, eraldaketa honen guztiaren azalpena egiten du. Nolakoa da gure eredua? Eta nolakoa egun bat Lehen Hezkuntzan?