Familia, hezitzaile eta 16 urtetik gorako ikasle agurgarriak,
Gutun honen bidez aurreko hilabeteetako Gure Artean-en dagoeneko argitaratu dugun ekimen baten berri eman nahi dizuegu: azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean Euskal Herri osoan egingo den EUSKARALDIA Gure Jesuitak Donostia ikastetxeak ariketa sozial honetan izena eman du eta hezitzaileak (irakasle eta AZP), 16 urtetik gorako ikasleek eta gurasoak/tutoreak bertan izena ematera animatu nahi zaituztegu.
Baina, zer da Euskaraldia?.
Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia. Bere helburu nagusia da herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta, euskararen erabilera handitzea. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.
Zergatik parte hartu Euskaraldian?.
Gure inguruan uste duguna baino jende gehiagok ulertzen du euskara: Donostian 3tik 2k ulertzen du. Lehen hitza euskaraz egingo bagenu hirukoiztu egingo litzateke Donostiako euskararen erabilera. Jesuitak Donostia ikastetxean ere euskararen erabilera bultzatu nahi dugu eta zu ere partaide izatea nahi genuke.
15 egun horietan zehar, Euskaraldian parte hartzeko bi aukera dituzu:
Belarriprest! “Lekua, gaia edo egoeraren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, ez dut beti euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, bana euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.”
Ahobizi! “Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila den bada ere, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.”
Gogoratu, rola aukeratzean, gakoa jokaeran dago, ez gaitasunean!
Halaber, aurtengo Euskaraldiko berrikuntza ere izango dugu gure ikastetxean: ARIGUNEAK. Ikastetxeko zenbait lekuetan izango dugu euskaraz aritzeko guneak: hau da, euskaraz hitz egiteko aukera uneoro bermatzen duten puntuak.
Parte hartzeko izena eman beharko duzu www.euskaraldia.eus atarian eta identifikazio txapa eskuratu ahal izango duzu izena ematean zuk aukeratzen duzun tokian. Aurreko Euskaraldiko edizioan ikastetxean bertan jasotzeko aukera zenuten baina aurten, COVID egoera dela eta, ezin dira jaso ikastetxeetan. Hortaz, izena ematean eskaintzen diren leku publikoen artean zuri hobe datorkizuna erabaki: lanetik hrubil duzuena, zuen auzokoa,…
Zalantzarik izanez gero, ondoren helbide elektronikoetara zuzendu zaitezke:
– mariamarcos@donostiajesuitak.org (HH eta LH)
– lauraflores@donostiajesuitak.org (DBH- BATX)
Eskerrik asko Euskaraldian ere gurekin bat egiteagatik!
EUSKARA: GEHIAGO, GEHIAGOREKIN, GEHIAGOTAN.
ANIMATU ETA PARTE HARTU! EMAN IZENA HEMEN