Eta Batxilergoa amaitzerakoan zer? Galdera honi erantzunik egokiena bilatzeko asmoz, ikastetxean Orientazio astea antolatu dugu Batxilergoko 2. mailako ikasleentzat.
Orientazioa Asteari hasiera emateko, aurreko aste amaieran ikasleek Pastoral proiektuaren baitan gauzatzen diren Elkarbizitzak izan zituzten. Elkarbizitzetan gai desberdinak lantzen dituzte ikasleek euren beharretara edota etaparen arabera egokituz. Aurreko asteko saioaren kasuan, esate baterako, gai nagusia aukeraketaren garrantzia izan zen, horrela norberak bere bizi proiektua eratzeko bidean hartu beharreko erabakien garrantziaren inguruan hausnartu zuten ikasleek.
Abiapuntua hau izan bazen ere, Orientazio Astearen helburua ikasleek etorkizuneko bide eta aukera desberdinak ezagutzea ere bada. Ondorioz, ikasketa desberdinetako eta Unibertsitate desberdinetako ordezkariak etorriko dira egunotan ikastetxera euren eskaintza aurkeztera. Atzo EHU-UPVren bisita jaso genuen, gaur Deustuko Unibertsitatera joan dira ikasleak, bihar Nafarroako Unibertsitatearen txanda izango da eta etzi, ostegunean alegia, Mondragon Unibertsitatea etorriko da aurkezpena egitera.
Asteari amaiera emateko, ostiralean, ikasle ohien bisita jasoko dugu! Euren ikasketetan murgilduta dauden hainbat ikasle ohi gelaz-gela arituko dira euren esperientziak partekatzen. Batzuk Zikloetan eta besteak Graduetan, ikasle hauen helburua, lehen pertsonan bizitakoa kontatuz, 2. Batxilergoko ikasleak bizitzen ari diren aukeraketa prozesu honetan laguntza eskaintzea izango da.
Azkenik, aipagarria da ikasleen bizitzako etapa honetan ikastetxean bidelagun izateko dugun erronka. Ondorioz, Orientazio Asteaz gain, bigarren hiruhileko Tutoretza Planaren ildo nagusia ere prozesu honetara bideratuko da.