Ikasle daniarrak Donostian izan ditugu

Ikasturte berri honi hasiera paregabea eman die lehenengo batxilergoko ikasleek Hizkuntz Proiektuaren baitan gauzatzen diren Elkartrukaketak esperimentatuz. Ikastetxean garrantzi handia ematen diogu komunikazio gaitasunak lantzeari, eta ingelesezko komunikazio trebetasuna hobetzeko helburuari jarraiki, Danimarkako ikasleak izan ditugu bisitan.

Irailaren 23tik 27ra bitartean, ikastetxeko 27 familiek beren etxeko ateak ireki dizkiete Danimarkako Naesgaard Efterskole ikastetxeko 27 ikasleri. Naesgaard Efterskole ikastetxea Stubbekobing izeneko herri txiki batean kokatzen da, Copenhagetik 125km-ra hain zuzen ere, eta natura, kirola eta arte konpetentziak lantzen dituen bigarren hezkuntzako ikastetxea da.

Iraileko 5 egun horietan, Danimarkako ikasleek hainbat plan turistiko eta kultural bizitzeko aukera izan dute gure hirian zehar. Goizetan, astelehenetik hasita, Aquarium-a bisitatu zuten lehenengo. Ondoren, euskal kultura gastronomikoan murgilduz, Astigarragako Sagardo Etxera joan ziren, eta asteazkenean berriz, Donostian hain esanguratsuak diren Urgull mendia eta Santa Klara irla bisitatu zituzten. Arratsaldeak bakoitzari egokitu zaion familiarekin egoteko uneak izan dira, eta hauekin ekintza ezberdinak burutu dituzte; besteak beste, Errealaren partidua ikusi, surf-a egin edo Alde Zaharreko pintxoak jan.

Familiek zein ikasleek esan digutenez, Elkartrukaketa primeran atera da eta esperientzia zoragarria izan da guztientzat. Kultura eta bizi ohitura ezberdineko pertsonak ezagutzeko aukera eskaintzeaz gain, ingelesez aritzeko aukera ematen die Elkartrukaketak ikasleei, ahozkotasuna landuz.

Ikasle daniarrak dagoeneko beren etxeetara itzuli badira ere, ez da adiorik izan, harrera eman duten ikasleak Danimarkara bidaiatuko baitute apirilean.

Vi ses snart!
p_20180924_084314

Europako ikastetxeen errealitateak gurean

Aurreko astean Belgikako eta Irlandako ikastetxeetako hainbat hezitzaile Jesuitak Donostiara etorri ziren bisitan. Europako ikastetxe Jesuiten arteko trukaketa hauek aukera paregabea eskaintzen dute beste ikastetxeetako esperientziak ezagutu, ebaluatzeko modu desberdinak aztertu, informazioa elkarbanatu, proiektuen berri eman eta solidaritateko proiektuetan elkarri laguntzeko; Scoil Iognaid ikastetxeak, esate baterako, Venezuelako Aita Gumilla eskolari laguntzeko 530 €-ko diru-laguntza eman digu.

Hemen pasa dituzten egunetan zehar hezitzaileek euskara, euskal kultura eta bertako tradizioak ezagutzeko aukera izan dute, baita gure ikasleekin irakasle lanetan aritzeko ere. Azkenik, aisialdirako denbora ere izan dugu; asteazkenean Loiolara bisita egin zuten hezitzaileek San Ignacioren jaiotetxea eta Loiolako Santutegia ezagutzera.

Jada agur esan diegu baina bisitaren balorazio oso positibo eta aberasgarriarekin. Izan ere, beste ikastetxe Jesuitekin sare lanean aritzeak aukera bikaina ematen digu Europako beste herrialdeetako errealitateak ezagutu eta denon artean gure hezkuntza eredua aberasteko. Eskerrik asko!
img-20161115-wa0023