Larunbat honetan ikastetxean ikusi nahi zaituztegu!

Eskola Kiroletako Festa eta Maratoi Solidarioa

Larunbat honetan, abenduak 22, egun handia izango dugu ikastetxean. Gabon garai hauetan urtero egiten dugun moduan, aurten ere iritsi da Eskola Kiroletako Festa ospatzeko unea. Aurten gainera, are handiagoa egingo dute eguna Arrupe Elkarteko Arrupe Enborra taldeko kideek (DBH 3 eta 4), ikasturte honetako ekintza solidario gisa aukeratu duten Maratoi Solidarioaren bitartez.

Goizeko 9:00etan hasiko da Eskola Kiroletako Festa eta arratsaldeko 17:00ak arte, ikastetxe ezberdinetako 350 bat ikasle saskibaloian, futbolean eta boleibolean arituko dira, azken une horretan finalen garaia izango delarik. Jarraian mailaz-mailako ordutegiak.
> horarios-futbol-2018
> horarios-basket-voley-2018

Kirol Festak ikastetxera erakarriko duen jende andana gogoan hartuta, Arrupe Enborrako kideek “Rastrillo solidarioa” antolatu dute Apyma eta UNICEF-en laguntzarekin. Goizeko 9:00etan hasi eta iluntzeko 19:00ak bitartean, gazteek bigarren eskuko jostailu, liburu, disko eta antzerakoak salduko dituzte kirol-instalazioetan. Era berean, txosna solidarioa era jarriko dute ikastetxean eta interesa dutenentzat kontzientziazio tailerrak eskainiko dituzte.

Jakina denez, Arrupe Elkarteak San Ignacio ikastetxean eskaintza ebanjelizatzailea jorratzen du, besteak beste, ikasle zein familien artean ekimen solidarioei erantzunak emateko. Antolatutako “Rastrillo Solidarioa” horren adibide da eta UNICEF-ena den “Gotas para Niger” proiekturako dirua lortzea du helburu.

Ekimen hau antolatzeko, hiruhileko guztian zehar lanean aritu dira ikasleak ekimen sozial ezberdinak aztertuz. Begiraleen laguntzarekin UNICEF-ekin harremanetan jarri ziren eta ur edangarria edukitzearen garrantziaz jabetuta, jardunaldi guztian zehar lortutako dirua “Gotas para Niger” proiektura bideratzea erabaki zuten.

Proiektu honen bitartez ur putzuak eraikiko dira Nigerian gaixotasun eta heriotzak ekiditeko asmoz.
Era berean, gazteak elkarrekin egoteko, egungo errealitate globala eta bertakoa ezagutzeko eta protagonismo aktibo bat izateko aukera paregabea izango da biharkoa.

Ekintza guzti hauekin Jesuitak Donostian urtea mundu hobeago bat eraikiaz agurtu nahi dugu, eta ikastetxetik zuei ere horretan parte-hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Gabon zoriontsuak izan ditzazuela!

Afari solidarioa bost urtez

Bosgarren urtez Batxilergoko ikasleek gabon-gaueko afari berezi bat partekatuko dute kalean bizi diren pertsonekin.

Batxilergoko lehenengo mailako ikasle batzuen ideia zoro eta alaitik, gure ikastetxeko ekimenik ezagunenetako bat jaio zen 2014. urtean. Abiapuntua honakoa izan zen… Zergatik ez dugu kalean bizi diren pertsonentzako afari bat antolatzen beraiek ere Gabonez goza dezaten laguntzeko? Aurten, Loiolaetxea eta Caritasekin elkarlanean egiten den ekimenak 5 urte beteko ditu.

Ideia sustatu zuten ikasleen irrika eta inplikazioari esker, lehenengo urtean afari solidarioa arrakasta bat izan zen. Ikastetxeko maila guztiak mugiarazi zituzten, zuzendaritzarekin harremanetan jarri ziren jangela erabiltzeko baimena lortu zezaten eta erakunde ezberdinekin ere kontaktatu zuten proiektua bideragarri egiteko.

Hurrengo ikasturtean, ikasle talde berak, orduan Batxilergoko bigarren mailako ikasleak izanik, esperientzia errepikatzea erabaki zuen. Jada proiektua garatzeko ibilbide-orria ezaguna zen beraientzat eta ondorioz, antolakuntza errazagoa izan zen, eta beste behin, oso esperientzia baikorra.

Gaur, Batxilergoko bigarren mailan dauden ikasleek duela 5 urte hasitako ekimen solidarioari jarraipena emateaz arduratuko dira. Iluntzeko 21:00etan izango da zita ikastetxeko jangelan. Gazteek Gabonetako oporrak alde batera utziko dituzte egun batez taldean lan egin eta beraien alderdi solidarioena erakusteko. Afari solidarioa bizikidetza lantzeko aukera bat da eta baita mahaia, algarak eta ikaskuntza partekatzeko aukera ere guztiak berdinak diren inguru batean.