2. Batxilergoko ikasleen Orientazio Astea

Eta Batxilergoa amaitzerakoan zer? Galdera honi erantzunik egokiena bilatzeko asmoz, ikastetxean Orientazio astea antolatu dugu Batxilergoko 2. mailako ikasleentzat.
img_20171117_094320160
Orientazioa Asteari hasiera emateko, aurreko aste amaieran ikasleek Pastoral proiektuaren baitan gauzatzen diren Elkarbizitzak izan zituzten. Elkarbizitzetan gai desberdinak lantzen dituzte ikasleek euren beharretara edota etaparen arabera egokituz. Aurreko asteko saioaren kasuan, esate baterako, gai nagusia aukeraketaren garrantzia izan zen, horrela norberak bere bizi proiektua eratzeko bidean hartu beharreko erabakien garrantziaren inguruan hausnartu zuten ikasleek.

Abiapuntua hau izan bazen ere, Orientazio Astearen helburua ikasleek etorkizuneko bide eta aukera desberdinak ezagutzea ere bada. Ondorioz, ikasketa desberdinetako eta Unibertsitate desberdinetako ordezkariak etorriko dira egunotan ikastetxera euren eskaintza aurkeztera. Atzo EHU-UPVren bisita jaso genuen, gaur Deustuko Unibertsitatera joan dira ikasleak, bihar Nafarroako Unibertsitatearen txanda izango da eta etzi, ostegunean alegia, Mondragon Unibertsitatea etorriko da aurkezpena egitera.

Asteari amaiera emateko, ostiralean, ikasle ohien bisita jasoko dugu! Euren ikasketetan murgilduta dauden hainbat ikasle ohi gelaz-gela arituko dira euren esperientziak partekatzen. Batzuk Zikloetan eta besteak Graduetan, ikasle hauen helburua, lehen pertsonan bizitakoa kontatuz, 2. Batxilergoko ikasleak bizitzen ari diren aukeraketa prozesu honetan laguntza eskaintzea izango da.
Azkenik, aipagarria da ikasleen bizitzako etapa honetan ikastetxean bidelagun izateko dugun erronka. Ondorioz, Orientazio Asteaz gain, bigarren hiruhileko Tutoretza Planaren ildo nagusia ere prozesu honetara bideratuko da.

img_3743

Giro aparta Ikasle Ohien lehen egunean

Aurreko apirilaren 23an, larunbata, Ikastetxeak ospakizuna zuen bere ikasle-ohiekin: lehenengo aldiz Ikasle Ohiaren Eguna egin zen.

Egun hau, urtero ospatuko dena, gure Ikastetxeko ikasle-ohi guztientzat topaketa-unea izatea espero da, bai gazte zein helduentzat.

Lehenengo edizioa larunbatean ospatu zen 120 pertsona inguru etorri zirelarik. Eguna Eukaristia batekin hasi zen, jesuitak diren Ángel Pérez eta Xabier Zabala ikasle-ohiek ospatuta, eta Areto Nagusian egindako Ekitaldi Nagusi batekin jarraitu zuen. Azken honetan, Ikastetxeko Zuzendaria den Amaia Arzamendik Ikasle-Ohien Elkarte berria aurkeztu zuen, baita behin-behineko Zuzendaritza-Batzarra ere. Josu Mendivil-ek, elkartearen egungo presidenteak, mintzaldi txikia eman zuen elkartearen helburu nagusiak modu labur eta atseginean laburtzeko. Ekitaldian bista atzera botatzeko eta Ikastetxeko eta haren ikasleen iraganeko irudiak gogorarazteko unea ere egon zen. Etorritakoek ikastetxeko instalakuntzetara, Ikasle Ohien bulegoa barne, egindako bisitan anekdota asko ekarri zituzten gogora.

Eguna lunch batekin amaitu zen eta bertan Ikastegiaren historian mugarri izango den une hau betikotzeko aukera egon zen.

Ikastetxeak eta Elkarteak biziki eskertu nahi ditu etorri ziren Ikasle-ohi guztiak. Eta denei, etorri zineten edo ez, hurrengo urtean elkar ikustea espero dugu!