*Iazko afari solidarioaren argazkia

Hirugarren urtez Batxilergoko ikasleek gabon-gaueko afari berezi bat partekatuko dute kalean bizi diren pertsonekin.

Proiektu hau, gaur egun finkatuta dagoen abenturan murgildu ziren ikasleen ekimenari esker sortu zen.

Batxilergoko lehenengo mailako ikasle batzuen ideia zoro eta alaitik, gure ikastetxeko ekimenik ezagunenetako bat jaio zen. Abiapuntua honakoa izan zen… Zergatik ez dugu kalean bizi diren pertsonentzako afari bat antolatzen beraiek ere Gabonez goza dezaten laguntzeko? Emaitza: aurten ekimenak 3 urte beteko ditu eta usadio bihurtzeko bidean doa.

Ideia sustatu zuten ikasleen irrika eta inplikazioari esker, lehenengo urtean afari solidarioa arrakasta bat izan zen. Lehenik eta behin, maila guztia mugiarazi zuten eta gero, ikastetxe osoa: zuzendariarekin hitz egin zuten jangela utz ziezaioten, Caritas eta Loiola-Etxea bezalako erakundeekin kontaktuan jarri ziren, APYMA-rekin hitz egin zuten eta afaria erosteko dirua bildu zuten.

Esperientzia ahaztezina izan zen; ez zuten inolaz ere espero laguntza eskaintzeko asmoz sortutako ekimenak beraiek hainbeste aberastuko zituztenik. Pertsona ezberdinekin solasean aritzeko, hauek ezagutzeko eta beraien istorioak gertutik entzuteko aukera izan zen, errealitatearekin konektatuz eta inguratzen gaituen munduaz kontziente bilakatuz.

Hurrengo ikasturtean, ikasle talde berak, orduan Batxilergoko bigarren mailako ikasleak izanik, esperientzia errepikatzea erabaki zuen. Jada proiektua garatzeko ibilbide-orria ezaguna zen beraientzat eta ondorioz, antolakuntza errazagoa izan zen, eta beste behin, oso esperientzia baikorra.

Aurten, Batxilergoko bigarren mailan dauden ikasleek testigua hartu dute eta duela hiru urte hasitako, eta egun ikastetxeko ohituren parte den, ekimen solidarioari jarraipena emateaz arduratuko dira.

Zita gaur izango da. Gazteek Gabonetako oporrak alde batera utziko dituzte egun batez taldean lan egin eta beraien alderdi solidarioena erakusteko. Afari solidarioa bizikidetza lantzeko aukera bat da eta baita mahaia, algarak eta ikaskuntza partekatzeko aukera ere guztiak berdinak diren inguru batean.

Jarraian ekimen honen sortzaile izandako hainbat ikasleri egindako elkarrizketa ikusi dezakezue. Mila esker Maria, Nerea eta Aitana zuen esperientzia gurekin partekatzeagatik!

Jesuitak Donostia, Afari solidarioa from Jesuitak Donostia Ikastetxea on Vimeo.