Arrupe sendoaren elkarbizitzak
Arrupe Sendoa taldeko Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleek asteburua Getarian pasa dute. Asteburu honen helburua gazteen arteko talde elkarbizitza indartzea izan da, ikasleen arteko elkar ezagutza eta elkarlana sustatuz.
Arruperen esperientzia honen baitan, gainera, ikasleek aukera izan dute euren prozesu pertsonalean eta fedean hazten jarraitzeko. Formakuntza eta dinamika desberdinen bitartez hausnarketarako uneak izan dituzte ikasleek asteburuan zehar, hausnarketaren bitartez euren garapen integrala indartuz.
Laburbilduz, esperientzia aberasgarria, bai gazteentzat eta baita bertan egon diren begiraleentzat ere!
Urriak 28 larunbateko proiektuak
Larunbatean hasiko dira partidak!
Larunbat honetan, urriaren 21a, eskola kirolan parte-hartzen duten ikasleek aurtengo lehen partidak jokatuko dituzte. Jarraian talde bakoitzaren ordutegia ikus dezakezue. Animo eta gozatu!
DBH 4ko ikasleak Elkarbizitzetan dabiltza Getarian
Aste honetan DBH 4.mailako ikasleak Elkarbizitzetan murgildu dira. Getarian kokatutako egonaldi hauetan ariketa eta taldeko dinamika ezberdinen bidez, ikasleen garapen integrala sustatzea bilatzen da. Elkarbizitzak ekimena Pastoral proiektuaren baitan garatzen da.
Ekintza honen helburu nagusia gazteek beren burua hobeto ezagutzea da, gertatzen zaiena irakurtzen eta antzematen ikastea, horrela, beren bizitzako gertaera eta erronka ezberdinen garrantzia neurtzen ikas dezaten era berean erronka horiek gainditzeko gaitasunak bereganatuz. Orotariko erronkak planteatzen dira Elkarbizitzetan, familiakoak, lagun artekoak edota akademikoak.
Era berean, ikaskideen arteko harremanak sendotzeko aukera paregabea bilakatzen da egonaldi hau, ikasleak beraien artean irekitzen direlako, barnekotasuna eta sentimendu zein emozioen kudeaketa landuaz.
Auto-ezagutzaren lanketa honetan Jainkoaren presentzia garrantzitsua izaten da. Izan ere, Jesus beraien barnean eta bere lagunengan ere badagoela ulertzen dute gazteek.
Atzo A gelaren txanda izan zen, gaur D gelari egokitu zaio Getariara gerturatzea eta ostegun eta astelehenean B eta C gelaren txanda izango da.
DBH 1. mailako ikasleak Donostia Sustapeneko proiektu batean murgilduta
Nola dinamizatu daiteke Urumea Ibaia? Hau izan da Donostia Sustapeneko Innovation League proiektuak gure DBH 1-eko ikasleei luzatu dien erronka, ibaia zeharkatzen dituen lekuen topagunea bilakatzeko helburuarekin. Gure ikasleak talde-lanean ari dira, beren espiritu berritzailea eta sortzailea piztuaz ideia onena aurkitzeko!
Innovation League proiektua hiru fasetan antolatzen da. AURRETIKO fasea ikastetxean gauzatu zen eta, bertan, ikasleei ekimen honek bultzatzen dituen erronka eta helburuak azaldu zitzaizkien. Oinarrizko xedea: ekintzara pasatuz ikasleen sormena eta jarrera berritzailea lantzen dituen proiektu bat gauzatzea.
Bigarren fasean, SAILKAPENA deiturikoa, proposamenak landu eta aurkeztuko dituzte ikasleek. Fase honetan, taldearen izena eta irudia lantzeaz gain, proposatutako erronkari erantzuten dion sormen ideia landuko dute ikasleek. DBH 1-eko B eta C ikasgeletako ikasleak fase honetan aritu ziren astelehenean, hilak 2. Datorren astelehenean, hilaren 9an, A eta D-ko ikasleen txanda izango da.
Behin SAILKAPEN fasea amaitutakoan, Donostia Sustapenak ikastetxe bakoitzeko ideia onena aukeratuko du talde horiek beren proiektua Udaletxeko Areto Nagusian aurkeztu dezaten hile honen amaieran, 24 eta 25ean zehatzagoak izateko. Oraingoz, eta irabaztearen helburua alde batera utzita, gure erronka nagusia ikasleek modu ezberdin batean ikastea baimentzen dien esperientzia berri bat bizitzea da, ikasketa esanguratsuagoak eta errealitateari konektatuagoak dauden ikasketak jasotzea.
Eta zergatik ez, Donostia Sustapeneko taldearen aukeraketa lana apur bat zailduko dugu, gure 12 urteko ikasleen ideia guztiak irudimen handikoak eta bikainak izango baitira!