Festa giroa euskararen eguna ospatzeko

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Urtero bezala, ikastetxean egitarau berezia antolatu dugu euskararen erabilera eta euskara bera sustatzea xede dituen eguna ospatzeko, baina aurtengoa larunbatean tokatzen denez, ekimenak abenduaren 2an eta 5ean egingo ditugu!

Haur Hezkuntzako ikasleek, Argitxo Iratxoarekin batera, festa giroan ospatuko dute euskararen eguna. Gaur eta bihar, 2 urteko ikasleek Argitxoren bisita izango dute eta HHko Bigarren Zikloko ikasleek Argitxoren filma ikusiko dute Areto Nagusian. Egun osoan zehar, gainera, etapako ikasle orok izango du euskal kantak dantzatu eta abesteko aukera. Ostiralaz gain, astelehenean, abenduaren 5ean, Haur Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleek lehenengo eta bigarren mailako ikasleei Argitxoren ipuina antzeztuko diete.

Lehen Hezkuntzako etaparen egitarauari dagokionez, ostiral honetan ikasleak girotzen hasiko dira datorren asteko ekimen mordoari begira. Horrela, “Ahoa bizi, belarriak prest dantza”, “Bil bil bil”, “Nori egin euskaraz” eta “Euskaraz bizi nahi dut” kantak landuko dituzte ikasgelan.

Datorren astean aldiz, ekimen ugari antolatu dira Lehen Hezkuntzan Euskararen Eguna ospatzeko: Mari Domingiren bisita eta ipuin kontaketa, Argitxoren autobusaren marrazkia margotu eta ikastetxeko pasabidean jartzea, aste osoan zehar soinketan euskal kiroletan aritzea, mahai jokoetan jolastea… Hala ere, ondorengo bi proposamenak azpimarratu daitezke: lehen zikloko ikasleek arratsaldean dantza egingo dute atarian LH6ko ikasleekin batera. Era berean, 5. mailako ikasleak Xistera proiektuan murgilduko dira. Proiektu honen helburua Zesta punta biziberritu eta eskolan indartzea da.

Ekintza guzti hauekin amaiera emango zaio Euskaren Egunaren harira antolatutako programari, ez ordea euskararen erabilera sustatzeko ikastetxean egiten dugun ahaleginari. Jesuitak Donostian lanean jarraituko dugu euskararen aldeko apustu garbia eginez. Euskarak 365 egun.
argitxo_iratxoa_euskararen_eguna

Nolakoa izango da hezkuntza 2050. urtean?

Odisea kateak gaur botako du gure ikastetxean grabatutako “Etorkizuneko Ikastetxeak” dokumentala. Saio hau Planete+ kate frantsesak ekoiztutako Rêver le futur (Etorkizuna Amestu) programaren kapitulu bat da.


Etorkizuneko ikastetxeen inguruko hausnarketa sustatzea helburu duen kapitulu honetan, hezkuntza-berrikuntzaren alorrean erreferente diren hainbat pertsona agertzen dira, besteak beste, Ken Robinson, Sugata Mitra edo Matthieu Ricard (Dalai Lama-ren bozeramailea). Era berean, Stanfordeko Unibertsitateak eta City of London School ikastetxeak ere parte hartu dute dokumentalean.

Amaia Arzamendi: “Dokumentalean agertzea sorpresa bat izan da; eta gainera, hezkuntzaren munduan onenak direnengandik hurbil egoteko aukera bat ere bai, ikasten eta hobetzen jarraitzeko aukera, alegia”.

Dokumentalean agertzen diren testigantzek diotenaren arabera, etorkizuneko eredu pedagogikoan ikaslea izango da bere ikasketa prozesuaren protagonista. Eredu berri honek nahitaez bultzatzen du irakaslearen rolaren eraldaketa. Ken Robinsonen hitzetan, “hezitzaile on batek badaki ikasketa on bat bermatzeko argibideak ematea beharrezkoa dela. Hala ere, honekin batera, kontuan izan behar du umeei kuriositatea pizten, helburuak ezartzen, enigmak planteatzen, ikasleak deskubritzera sustatzen, batak bestearengandik ikasten, jakintzak eta ideak partekatzen eta euren irtenbide propioak asmatzen irakatsi behar diela”.

Matthieu Ricard-en, Dalai Lamaren bozeramailearen iritziz, “hezkuntza ez da ontzi bat betetzea; hezkuntza sugarra piztea da. Haurrak euren existentziarako grinez betetzea da, euren erronkak bete eta lortzera bultzatzea, alegia”.

Gure ikastetxeak dokumentalean izan duen parte-hartzea, 2010ean martxan jarri genuen proiektu teknologikoari eta, gaur egun, ikastetxean gauzatzen ari garen eraldaketari estuki lotuta dago.

Amaia Arzamendi: “Dokumental honetan agertzea ‘Jesuitak Donostia’ proiektuan lanean jarraitzeko ilusio txutea da. Gure erronka XX. mendeko irakaskuntza-zentru bat izatetik XXI. mendeko ikasketa-zentru bat izatera iristea da. Modu honetan bakarrik bermatuko dugu gure ikasleen gaitasuna mundu hobeago bat eraikitzeko; bidezkoagoa, jasangarriagoa, solidarioagoa eta bihozberagoa.”
Dokumentalaren emisioa: egunak eta nola ikusi[/dtitulo

  • Asteartea, 29/11/2016 20:38
  • Asteazkena, 14/12/2016 18:59
  • Asteazkena, 21/12/2016 13:01

Non ikusi:

  • Movistar+
  • Vodafone TV
  • Orange TV
  • Euskaltel

Emakumeen Kontrako Indarkeriari ez

Batxilergoko 1. mailako ikasleak Emakumeen Kontrako Indarkeriaren inguruan aritu dira Tutoretza Planaren baitan. Gaia ikasgelan lantzeaz gain, ikasleak taldeka hausnartzen egon dira eta poster desberdinak diseinatu dituzte ikastetxeko korridorean jartzeko. Ekimen honen helburua ikasle guztiek gai honekiko kontzientzia har dezaten bultzatzea izan da.

Ikastetxearen izenean Emakumeen Kontrako Indarkeriaren aurka dugun jarrera irmoa adierazi nahi dugu. Azaroaren 25ean eta egunero, Jesuitak Donostia lilaz jantziz.

Proiektu teknologikoa familiengana iritsi da

Bihar, azaroak 25, APYMAk ikastetxearen laguntzarekin antolatu duen gaitasun digitalen inguruko 3. saioa hasiko da. Formakuntza honen xedea, ikastetxeko parte garrantzitsua diren gurasoak proiektu teknologikoaren baitan integratzea izan da. Saioak ikuspegi praktiko batetik planteatu dira, eta oinarria gurasoei euren semen-alabek ikasgelan gaitasun teknologikoa nola eta zein erreminta erabiliz lantzen duten erakustea izan da. Guztira 75 gurasok hartuko dute parte formakuntzan.

Formakuntza bi eguneko eta egunean 2 orduko saioez osatzen da, eta Xenon enpresak eskaintzen du. Orain arte parte hartu dutenen balorazioa oso positiboa izan da. Ikastetxearen izenean proiektu teknologikoa zabaldu eta partekatzeko helburuarekin ekimen honetan parte hartu duzuenoi zoriondu eta eskerrak eman nahi dizkizuegu.

Europako ikastetxeen errealitateak gurean

Aurreko astean Belgikako eta Irlandako ikastetxeetako hainbat hezitzaile Jesuitak Donostiara etorri ziren bisitan. Europako ikastetxe Jesuiten arteko trukaketa hauek aukera paregabea eskaintzen dute beste ikastetxeetako esperientziak ezagutu, ebaluatzeko modu desberdinak aztertu, informazioa elkarbanatu, proiektuen berri eman eta solidaritateko proiektuetan elkarri laguntzeko; Scoil Iognaid ikastetxeak, esate baterako, Venezuelako Aita Gumilla eskolari laguntzeko 530 €-ko diru-laguntza eman digu.

Hemen pasa dituzten egunetan zehar hezitzaileek euskara, euskal kultura eta bertako tradizioak ezagutzeko aukera izan dute, baita gure ikasleekin irakasle lanetan aritzeko ere. Azkenik, aisialdirako denbora ere izan dugu; asteazkenean Loiolara bisita egin zuten hezitzaileek San Ignacioren jaiotetxea eta Loiolako Santutegia ezagutzera.

Jada agur esan diegu baina bisitaren balorazio oso positibo eta aberasgarriarekin. Izan ere, beste ikastetxe Jesuitekin sare lanean aritzeak aukera bikaina ematen digu Europako beste herrialdeetako errealitateak ezagutu eta denon artean gure hezkuntza eredua aberasteko. Eskerrik asko!
img-20161115-wa0023

Jesuitak
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.