Ikasleak errefuxiatuen azalean

DBH2ko ikasleek ALBOANek antolatutako “Mugetatik haratago” proiektuan parte-hartu dute urri amaieran. Proiektu honen baitan errefuxiatuen errealitatera hurbildu dira ikasleak, teoriatik salto bat egin eta lehen pertsonan errefuxiatuen egoeran jarriaz.

Kanpoan lo eginez eta etxetik urrun, hainbeste pertsonek egunero bizitzen duten egoera gogor honen lekuko izan dira ikasleak bi eguneko ekimen honetan, eta honek hausnarketarako bidea ireki du. Mugetatik haratago proiektuari amaiera emateko, ikasleek erlijioko klaseetan gaia lantzen ari dira esperientzia honetan bizitako emozioetan oinarrituta.

Ikastetxearen izenean eskerrak eman nahi dizkiogu ALBOANeko lantaldeari horrelako proiektuetan parte-hartzeko aukera emateagatik. Ikasketa esanguratsua eskaintzeko bidean, horrelako proiektuek ikastetxea irekitzen laguntzen digute, ikasleak errealitatearekin kontaktuan jarri eta bizipen desberdinak eskainiz euren ikasketa prozesua aberastuz.

Ikasleak euren eta inguruko errealitatearekiko kontziente eginez eta egoera larrietan dauden pertsonen lekuan jarriaz lortuko dugu gure hezkuntza proiektuaren bitartez bete nahi dugun ametsa: hezkuntzaren bitartez ikasleak mundu hobeago bat eraikitzeko bidean jartzea.

 

Gabonetarako mugikor bat eskatu duzu? 2 aldiz pentsatu.

Martxan da mugikorren kontsumo eta erosketaren inguruko kontzientziazio kanpaina. Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasle talde bat gara eta 2016-2017 ikasturteko boluntariotza egiten ari gara, Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundearekin lan eginez. Martxan jarri berri dugun ekimen honen bitartez, mugikorren kontsumoak Congon eragin duen gatazka egoera ikusarazi nahi dugu, izan ere, bertatik ustiatzen da gailu hauek egiteko lehengaia. Gatazka honen egoera jakinarazteko, bideo batez gain, telefono mugikorren birziklatze egokia sustatzeko kanpaina bat hasi dugu. Lagunduko al zeniguke?

Gabonak hemen dira eta iritsi da opariak erosteko unea. Mugikorrez aldatzea pentsatzen ari bazarete edo beste bat erostekotan bazarete, berdinarekin jarraitzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu; posiblea ez den kasuetan, mugikorren birziklapen egokia bermatzeko ikastetxean kokatu ditugun kaxetan uzteko eskatu nahi dizuegu.

Kanpaina honetan lan egitea erabaki dugu jendea Congon gertatzen ari denaz konturatzeko eta bertako biztanleek sufritzen duten egoeraz errukitzeko. Honez gain, egoera hau gaur egun erabiltzen ditugun eta hain erabilgarriak diren telefonoekin zuzenki erlazionatuta dagoela ulertarazi nahi dugu, jendeak arazo honekin bat egiteko xedez.

Gatazka honen berri hainbat alditan izan dugun arren, ez zaigu inoiz azaldu nola lagundu. Kanpaina honekin familiei arazo hau beste era batera hurbildu nahi izan diegu eta, horregatik, aurrez aurre egoera hau bizi izan duen norbaiten testigantza lortu dugu. Bera Justine da, Synergie izeneko GKEko koordinatzailea, eta biolentzia sexuala pairatzen duten edo pairatu izan duten emakumeen alde egiten du lan. 2005ean Bakearen Nobel sarira izendatua izan zen. Bere lekukotasuna entzutean, jendeari arazoaren berri eman geniezaiekeela pentsatu genuen. Horretarako, baimena eskatu genion eskolari familiekin harremanetan jartzeko eta beraiei mezu hau bidaltzeko eta horrela egoera honetan parte hartu dezaten.

Hau esanda, Gabon hauetan mugikor berririk ez erosteko eskaera luzatu nahi dizuegu. Eta esan bezala, hori posible ez bada, gure mugikor bilketa kanpainan parte hartzera animatzen zaituztegu.

Lagundu mezu hau eta egoera honen salaketa zabaltzen. Mila esker.

from Jesuitak Donostia Ikastetxea on Vimeo.