Bullying-aren inguruan hitz egiten

2. Batxilergoko hainbat ikaslek DBH 1.eko gelak bisitatu zituzten atzo bullying-aren inguruan hitz egiteko. Ekimen hau Batxilergoko ikasleek Thinking Based Learning metodologia erabiliz gauzatu duten eskola-jazarpenaren inguruko proiektuaren baitan kokatzen da.

DBH 1eko Felix eta Albaren iritziz, gai honen inguruan ikastetxeko zaharrenekin hitz egitea aukera polita da, enpatia areagotzen delako. Ane Alvarez, Maria Arrese eta Mikel Cerrajería ikasleek bat egin dute iritzi honekin: “ikasle zaharrengandik sentitzen duten miresmenak mezuaren eraginkortasuna bermatu dezake; kasu gehiago egiten dute.”

Erronka argia zen: 12 urteko ikasleek horrelako egoerak identifikatzeko duten gaitasuna aztertzea. Horregatik, hitzaldiari hasiera emateko, 3 hizlariek eraso eta umiliazio egoera bat antzeztu zuten. Antzerkian, beraien ikaskidea iraindu zuten proiektorea pizten ez zekielako.
img_20170220_104915
DBH 1eko ikasleak segituan jabetu ziren egoeraz. Izan ere, bullying-aren inguruan hitz egitea kostatzen den arren, horrelako egoerak ez dira haurrentzako oharkabean gertatzen. Horrela, eraso mota hauen aurrean zer egin daitekeen aztertzeko erabili zen saioaren bigarren zatia.

Eta nola jokatu behar da? Galdera honen erantzuna ahobatezkoa izan zen: lagunduz. Ikastetxeari egoeraren berri ematea eta biktima izaten ari den pertsonari laguntzea izan ziren ikasleek azpimarratu zituzten konponbide nagusiak. Aurkezpenari amaiera emateko, modu indibidualean gaiaren inguruan hausnartu zuten ikasleek.

Batxilergoko ikasleek hausnarketa hauek bildu zituzten ondoren irakurri eta aztertu ahal izateko.
img_20170220_110308