Ferran Adrià-rekin batera berrikuntzak egitera
Gure ikastetxea hautatua izan da Ferran Adrià-ren berrikuntzan eta sormenean oinarritzen den hezkuntza eraldaketa prozesuan parte-hartzeko! XXI. mendeko ikastetxe izateko bidean lanean jarraitzen dugu, oraingo honetan, Telefonica Fundazioaren “Escuelas Creativas” proiektuari esker.
Antolatzaileen datuen arabera, 2016ko urritik 2017ko urtarrilera bitartean, ikastetxe askok euren proiektu berritzaileak aurkeztu dituzte “Escuelas Creativas” proiektuan parte hartzeko. Proposamenetan ikastetxe bakoitzak erronka bat aurkezteaz gain, aldatu nahi dituen atalak zeintzuk diren azaldu du. Epaimahaiaren aukeraketa prozesua amaitu da dagoeneko eta guztira estatu osoko 19 ikastetxeek hartuko dute parte. Gurea izan da Euskal Herritik hautatua izan den zentro bakarra.
Eraldaketa prozesuan zehar, profesionalekin bilerak egingo ditugu, guretzako diseinatutako materiala izango dugu eta proiektuko tutoreen etengabeko jarraipena eta laguntza izango dugu.
Notizia honek izugarri poztu gaitu, izan ere, proiektu honetan parte-hartzea ikasten jarraitzeko eta metodologia berriak ezagutzeko aukera paregabea da. Honek gure onena ateratzen lagunduko digu, ondoren ikasleen onena atera ahal izateko. Ikastetxea eraldatu nahi badugu bertako hezitzaileak eraldatzea ezinbestekoa da, eraldaketa barrutik kanpora eginez, eta “Escuelas Creativas” proiektuan parte-hartzea aldaketa hori sustatzeko aukera ezin hobea da.
Beraz, ilusio handiz eta ikasteko eta hobetzeko helburuarekin egingo diogu aurre erronka berri honi. Era honetan lortuko dugu gure benetako ametsa: mundu solidario, gizatiar eta jasangarriago bat eraikitzeko pertsonak trebatzea.
Argazkia: Fundación Telefónica