Abenduak 12, 2016 | Berriak
Zein azkar pasa den 2016a. Abendu garai honetan, dagoeneko gainean ditugun Gabonak prestatzen ari gara. Xede honekin, ikastetxean, urtero bezala, ekimen ugari antolatu ditugu ikasleekin, familiekin eta Jesuitak Donostiaren parte zareten guztiekin ospatzeko.
Aste honetan zehar, abenduaren 12tik 16ra, 2 urteko ikasleak, Haur Hezkuntzakoak eta Lehen Hezkuntzako ikasleak nobiziadoan eskuz eginiko jaiotza ikustera joango dira. Tradizionala den jaiotza honek bisitari ugari izango ditu, izan ere, ikasleez gain, hezitzaileei ere gonbidapena luzatu zaie jaiotza ikustera joateko, abenduaren 14ean arratsaldeko 17:30etan. Abenduaren 16an, arratsaldeko 17:00etan HH2ko ikasleek gabonetako jaialdia ospatuko dute.
Abenduaren 19rako, 2. Batxilergoko ikasle talde batek jaiotzaren antzerkia prestatuko du Haur Hezkuntzako 2. zikloko ikasleei antzezteko eta 2 urteko ikasleek Erregeen bisita jasoko dute. Gainera, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleek abenduaren 20an Olentzeroren bisita jasoko dute! Abenduaren 20a klaseko azken eguna izango eta ohiko Santo Tomas eguneko txistorradarekin ospatuko dute ikasleek.
Abenduaren 22an Jesuitak Donostiako Gabonetako Txapelketaren XXI. edizioa ospatuko da. Bertan Santa Teresa, Mary Word, San Luis La Salle eta SUMMA Aldapetako ikasleek hartuko dute parte futbola, saskibaloia eta areto futbola kiroletan.
Eukaristia bereziak ere egingo dira egunotan. Abenduaren 19an, DBHko ikasleen txanda izango da, goizez eta arratsaldez. Abenduaren 20an, 10:30etan, Batxilergoko ikasleen eukaristia ospatuko da, kasu honetan, borondatezko asistentziarekin. Abenduaren 22an Gabonetako Kontzertua izango da San Ignacio Elizan, arratsaldeko 20:00etan. Hala ere, ospakizunik esanguratsuena abenduaren 23koa izango da. Egun honetan, Ikastetxeko Elkarte osoa batzeko helburuarekin, jada tradizionala den Eguberriko Eukaristia egingo da San José de la Montaña Elizan arratsaldeko 19:00etan.
Gabonak familian eta lagun artean gozatzeko egunak izateaz gain, Jainkoaren Semeak dakarren itxaropena zabaltzeko egunak dira. Honek hausnarketarako bideak zabaltzen dizkigu, gure inguruan dugun errealitatearen kontziente eginez, konpromisoz jokatuz eta hainbat beharretan daudenei eskua luzatuz. Ildo honetan, ikasleek hainbat proiektu solidario abian jarri dituzte.
- LH: Caritas – Hotzaldi eta UPG-TopaGros proiektuetan lan egingo dute. Ziklo bakoitzeko ikasleek gauza desberdinak ekarriko dituzte (janaria, arropa, higiene produktuak…) ikastetxeko pasabidean jarri dituzten zuhaitzen azpian uzteko.
- DBH: Maratoi Solidarioa (abenduaren 23an). Kirola, tailerrak eta jarduera ludikoak batzen dituen ekimena da. Helburua Ikasleak autokudeatzen eta besteentzako ekintza bat antolatzen ikastea da, euren ikasketa prozesuaren protagonista bilakatuz. Honez gain, gizarte-bazterketaren inguruan kontzientzia hartzea eta laguntzeko jarduerak martxan jartzea bilatzen du maratoi solidarioak. Jasotako dirua eta materialak (galtzerdiak, azpiko arropa, berokiak, motxilak) Laguntza Etxeari emango zaizkio.
- BATX: 3. urtez, Afari Solidarioa antolatuko dute 2. Batxilergoko ikasleek (abenduaren 22a). Kalean bizi diren pertsonekin afaltzeko ekimen hau errealitate desberdinak ezagutzeko aukera paregabea da, aurreiritziak baztertu eta esperientzia berri bat bizitzeko aukera, alegia.
- Honez gain, Alboan-ekin elkarlanean, Gatazkarik Gabeko Teknologia kanpainaren baitan, ekimen berezi bat antolatu dute ikasleek. Ildo honetan, mugikor berrien erosketaren inguruan hausnartzeko bidea ireki dute, industria honek ezkutatzen duen gatazkaren berri emanez. Honez gain, mugikor zaharrak birziklatzeko ekimena jarri duten martxan ikastetxeko gune desberdinetan mugikorrak uzteko kaxa batzuk kokatuz.
- Azkenik, DBHko 2. zikloko ikasleek eta Batxilergoko ikasleek, Caritas erakundearen alde duela 10 urte Gros auzoan antolatzen den TopaGros janari bilketan parte hartuko dute, abenduaren 17an. Groseko Pastoral Barrutiak antolatzen duen ekimen honi esker, egun osoan zehar bildutako elikagaiak urtean zehar auzoko behartsuenen artean banatzen dira.
Ekimen guzti hauekin, Jesuitak Donostian mundu hobeago bat eraikitzeko bidean agurtu nahi dugu 2016a eta, ikastetxearen izenean, zuei ere berdina egiteko gonbitea luzatu nahi dizuegu. Eguberri on!
Abenduak 9, 2016 | Berriak
Abenduaren 2an, Ladislao Echeverria Goenaga jesuita hil egin zen. Ladis, lankideek deitzen zioten bezala, 70-80ko hamarkadan euskarako irakaslea izan zen Jesuitak Donostian, garai hartako EGB etapan. Gogoratzen dutenek diotenaren arabera, lan bikaina egin zuen Ladisek ikasle zein hezitzaileei laguntzen, beraien bidelagun izaten.
Ikastetxearen izenean, Jesuitak Donostia proiektuan baitan egindako lana eskertu nahi diogu. Doluminak familiari eta baita Jesulagun kideei ere. Goian bego.
Abenduak 1, 2016 | Berriak
Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Urtero bezala, ikastetxean egitarau berezia antolatu dugu euskararen erabilera eta euskara bera sustatzea xede dituen eguna ospatzeko, baina aurtengoa larunbatean tokatzen denez, ekimenak abenduaren 2an eta 5ean egingo ditugu!
Haur Hezkuntzako ikasleek, Argitxo Iratxoarekin batera, festa giroan ospatuko dute euskararen eguna. Gaur eta bihar, 2 urteko ikasleek Argitxoren bisita izango dute eta HHko Bigarren Zikloko ikasleek Argitxoren filma ikusiko dute Areto Nagusian. Egun osoan zehar, gainera, etapako ikasle orok izango du euskal kantak dantzatu eta abesteko aukera. Ostiralaz gain, astelehenean, abenduaren 5ean, Haur Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleek lehenengo eta bigarren mailako ikasleei Argitxoren ipuina antzeztuko diete.
Lehen Hezkuntzako etaparen egitarauari dagokionez, ostiral honetan ikasleak girotzen hasiko dira datorren asteko ekimen mordoari begira. Horrela, “Ahoa bizi, belarriak prest dantza”, “Bil bil bil”, “Nori egin euskaraz” eta “Euskaraz bizi nahi dut” kantak landuko dituzte ikasgelan.
Datorren astean aldiz, ekimen ugari antolatu dira Lehen Hezkuntzan Euskararen Eguna ospatzeko: Mari Domingiren bisita eta ipuin kontaketa, Argitxoren autobusaren marrazkia margotu eta ikastetxeko pasabidean jartzea, aste osoan zehar soinketan euskal kiroletan aritzea, mahai jokoetan jolastea… Hala ere, ondorengo bi proposamenak azpimarratu daitezke: lehen zikloko ikasleek arratsaldean dantza egingo dute atarian LH6ko ikasleekin batera. Era berean, 5. mailako ikasleak Xistera proiektuan murgilduko dira. Proiektu honen helburua Zesta punta biziberritu eta eskolan indartzea da.
Ekintza guzti hauekin amaiera emango zaio Euskaren Egunaren harira antolatutako programari, ez ordea euskararen erabilera sustatzeko ikastetxean egiten dugun ahaleginari. Jesuitak Donostian lanean jarraituko dugu euskararen aldeko apustu garbia eginez. Euskarak 365 egun.

Azaroak 29, 2016 | Berriak
Odisea kateak gaur botako du gure ikastetxean grabatutako “Etorkizuneko Ikastetxeak” dokumentala. Saio hau Planete+ kate frantsesak ekoiztutako Rêver le futur (Etorkizuna Amestu) programaren kapitulu bat da.
Etorkizuneko ikastetxeen inguruko hausnarketa sustatzea helburu duen kapitulu honetan, hezkuntza-berrikuntzaren alorrean erreferente diren hainbat pertsona agertzen dira, besteak beste, Ken Robinson, Sugata Mitra edo Matthieu Ricard (Dalai Lama-ren bozeramailea). Era berean, Stanfordeko Unibertsitateak eta City of London School ikastetxeak ere parte hartu dute dokumentalean.
Amaia Arzamendi: “Dokumentalean agertzea sorpresa bat izan da; eta gainera, hezkuntzaren munduan onenak direnengandik hurbil egoteko aukera bat ere bai, ikasten eta hobetzen jarraitzeko aukera, alegia”.
Dokumentalean agertzen diren testigantzek diotenaren arabera, etorkizuneko eredu pedagogikoan ikaslea izango da bere ikasketa prozesuaren protagonista. Eredu berri honek nahitaez bultzatzen du irakaslearen rolaren eraldaketa. Ken Robinsonen hitzetan, “hezitzaile on batek badaki ikasketa on bat bermatzeko argibideak ematea beharrezkoa dela. Hala ere, honekin batera, kontuan izan behar du umeei kuriositatea pizten, helburuak ezartzen, enigmak planteatzen, ikasleak deskubritzera sustatzen, batak bestearengandik ikasten, jakintzak eta ideak partekatzen eta euren irtenbide propioak asmatzen irakatsi behar diela”.
Matthieu Ricard-en, Dalai Lamaren bozeramailearen iritziz, “hezkuntza ez da ontzi bat betetzea; hezkuntza sugarra piztea da. Haurrak euren existentziarako grinez betetzea da, euren erronkak bete eta lortzera bultzatzea, alegia”.
Gure ikastetxeak dokumentalean izan duen parte-hartzea, 2010ean martxan jarri genuen proiektu teknologikoari eta, gaur egun, ikastetxean gauzatzen ari garen eraldaketari estuki lotuta dago.
Amaia Arzamendi: “Dokumental honetan agertzea ‘Jesuitak Donostia’ proiektuan lanean jarraitzeko ilusio txutea da. Gure erronka XX. mendeko irakaskuntza-zentru bat izatetik XXI. mendeko ikasketa-zentru bat izatera iristea da. Modu honetan bakarrik bermatuko dugu gure ikasleen gaitasuna mundu hobeago bat eraikitzeko; bidezkoagoa, jasangarriagoa, solidarioagoa eta bihozberagoa.”
Dokumentalaren emisioa: egunak eta nola ikusi[/dtitulo
- Asteartea, 29/11/2016 20:38
- Asteazkena, 14/12/2016 18:59
- Asteazkena, 21/12/2016 13:01
Non ikusi:
- Movistar+
- Vodafone TV
- Orange TV
- Euskaltel
Azaroak 22, 2016 | Berriak
Aurreko astean Belgikako eta Irlandako ikastetxeetako hainbat hezitzaile Jesuitak Donostiara etorri ziren bisitan. Europako ikastetxe Jesuiten arteko trukaketa hauek aukera paregabea eskaintzen dute beste ikastetxeetako esperientziak ezagutu, ebaluatzeko modu desberdinak aztertu, informazioa elkarbanatu, proiektuen berri eman eta solidaritateko proiektuetan elkarri laguntzeko; Scoil Iognaid ikastetxeak, esate baterako, Venezuelako Aita Gumilla eskolari laguntzeko 530 €-ko diru-laguntza eman digu.
Hemen pasa dituzten egunetan zehar hezitzaileek euskara, euskal kultura eta bertako tradizioak ezagutzeko aukera izan dute, baita gure ikasleekin irakasle lanetan aritzeko ere. Azkenik, aisialdirako denbora ere izan dugu; asteazkenean Loiolara bisita egin zuten hezitzaileek San Ignacioren jaiotetxea eta Loiolako Santutegia ezagutzera.
Jada agur esan diegu baina bisitaren balorazio oso positibo eta aberasgarriarekin. Izan ere, beste ikastetxe Jesuitekin sare lanean aritzeak aukera bikaina ematen digu Europako beste herrialdeetako errealitateak ezagutu eta denon artean gure hezkuntza eredua aberasteko. Eskerrik asko!
