Tailer, hitzaldi eta ekimen bereziak familiek gure hezkuntza eredua bizitzeko

Azarotik hasi eta ikasturte amaierara arte familiei zuzendutako ekimen desberdinak abian jarriko ditugu Jesuitak Donostian. “Gure Eredua: hurbildu, ezagutu, ulertu” egitasmoaren helburua familiak gure ereduan murgiltzea izango da, ohiko azalpenetatik haratago, familiei gure proiektuak eta metodologiak lehen pertsonan bizitzeko eta ezagutzeko askotariko esperientziak eskainiz. 

Egitasmo hau azaroan abiatuko dugu bi esperientzia desberdinekin

Haur Hezkuntza: Zertarako sortu ditugu txokoak? Zergatik sustatzen dugu lan egiteko modu hau? Nola egiten dugu lan txokoetan eta zer lantzen dute ikasleek bertan? Galdera hauei erantzuteko, 5 urteko gelak (HH3) irekiko ditugu eta familiek aukera izango dute, irakastorduetan, geletan sartu eta ikasleak txokoetan lanean ikusteko. Saioetan gehienez 5 pertsona sartu ahal izango dira.  

Datak eta orduak: 

  • Astelehenak: azaroak 11, 18 eta 25. (8:45-9:45)
  • Ostiralak: azaroak 8, 15, 22 eta 29. (14:30-15:30)

Lehen Hezkuntza: Matematikak ABN metodologiaren bidez lantzen ditugu, baina zergatik? Zein oinarri ditu metodologia honek? Nola lantzen ditugu matematikak? ABN metodologia hobeto ulertzeko tailer praktiko bat sortuko dugu Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako familientzat azaroaren 13an. Hasieran, ABNren oinarrizko aurkezpena egingo da eta ondoren 8 tailer antolatuko dira ABNren oinarrizko kontzeptuak ulertu eta praktikan jartzeko. 

Bi esperientzia hauetan parte hartzeko izena ematea ezinbestekoa izango da. Horretarako, kurtsoko familiek email zehatz bat jasoko duzue informazio guztiarekin. 

Hurrengo tailerrak

Martxan jarri nahi dugun egitasmo honek jarraipena izango du ikasturte guztian zehar. Besteak beste, aurreikusi dira: 

  • Urtarrila: 2-4 urteko familiei zuzendutako hitzaldia (Leyre Acuriolaren, ikastetxeko psikologoaren eskutik)
  • Otsaila: 2 urteko familiekin tailerra
  • Martxoa: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako familiei zuzendutako hitzaldia (Leyre Acuriolaren, ikastetxeko psikologoaren eskutik)

Honez gain, tailer gehiago egiteko aurreikuspena ere badago. Izan ere, Jesuitak Donostian gure proiektua eraldatu dugu gure hezkuntza eskaintza hobetzeko. Espazioak, ordutegiak, antolakuntza eta kurrikulum-ak aldatu dira, eta proiektu eta metodologia berriak txertatu ditugu gelan. 

Guretzako, gure familiek zer egiten dugun, zergatik egiten dugun eta zertarako egiten dugun ikustea eta ondo ulertzea ezinbestekoa da. Horregatik ilusio handiz prestatzen ari gara tailer hauek: gure familiek Jesuitak Donostia eredua lehen pertsonan bizi dezaten.

Nola egiten dugu lan Lehen Hezkuntzan?

Hezkuntza sistema azken urteetan eraldatu dela esatea ez da berria. Gizarte-erronka berriei aurre egiteko, hezkuntza sistemak erantzun berriak garatu ditu, eta ikastetxe gehienek, bakoitzak bere ibilbidea eginez, gure egiteko modua aldatu dugu, gure ikasleei eta familiei ahalik eta eskaintzarik hoberena emateko beharrari erantzuteko.

Jesuitak Donostian ere urte asko daramatzagu gure Hezkuntza Eredu Propioan sakontzen, 10 urte baino gehiago, eta aldaketa oso sakonak egin ditugu gure proiektu pedagogikoa aberastu eta hobetzeko. Azken helburua, ikasketa pertsonalizatuan sakontzea da. Gaur badakigulako hori dela hezkuntzaren benetako erronka, eta batez ere, hori egitea posible dela.

4 atal nagusitan oinarritu dugu gure eraldaketa guztia: espazioak, kurrikuluma, ordutegia eta antolakuntza. Honen adibide dira, esate baterako, ikasgaiak proiektu bihurtu ditugula, edukiak modu konektatuan lantzeko asmoz; espazioak eraldatu ditugula ikasketa modu desberdinak posible egiteko; unitate didaktikoak berrantolatu ditugula, gizakiok dugun ikasteko modu naturala errespetatzeko eta ikasketa autogidatua indartzeko; edota, ikasketa partekatuan lan egiten dugula aniztasunari hobeto erantzuteko.

Jarraian ikusgai dituzun bi bideo hauetan, Alaia Fernandezek, Lehen Hezkuntzako koordinatzaileak, eraldaketa honen guztiaren azalpena egiten du. Nolakoa da gure eredua? Eta nolakoa egun bat Lehen Hezkuntzan? 

 

Proiektu solidario ederra Caritasekin lankidetzan

Joan den ikasturtean gure ikasleek proiektu solidario bat jarri zuten martxan kalean bizi diren pertsonentzako lo-zakuak eta motxilak biltzeko. Jarduera hau Erlijioa eta Ekintza Erlijiosoa ikasgaietan burutu genuen Caritasekin lankidetzan. Iaz bildutako material guztia ezin izan zen entregatu, horregatik, ikastetxeko ikasleak Hotzaldira hurbildu ziren pasa den astean falta zen materiala eramateko, negua iritsi aurretik izan dezaten.

Topaketa hau aukera paregabea izan zen egunero proiektuan lan egiten duten pertsonekin hitz egiteko eta errealitate horretara gehiago hurbiltzeko. Ederra izan da proiektuan parte hartzea, guztiz lerrokatuta baitago gure Hezkuntza Proiektuaren bihotzarekin: besteei laguntzeko pertsona heztea.

Jangela desberdin eta paregabea

Mahi Mahi proiektuari esker, eguerdiko momentua esperientzia bikaina eta hezitzailea bihurtu da Jesuitak Donostian. Gipuzkoan Mahi Mahi proiektua ezarri duten 3 zentroetatik 1 gara. Gure ikastetxean, Lehen Hezkuntzako 3. ikasturtetik aurrera ezarri dugu. Proiektu honi esker, jangela zerbitzu izateatik espazio hezitzaile bat izatera pasa da. Bertan ikasleen autonomia sustatzen dugu eta beraiek dira protagonista.

Nola lantzen dugu autonomia Haur Hezkuntzan?

Ikasketa pertsonalizatua eskaintzeko bidean, gaur badakigu autonomiaren garapena funtsezko elementua dela. Baina zer da pertsona autonomoa izatea? Nola ulertzen degu Jesuitak Donostian autonomiaren kontzeptua? Eta, batez ere, nola lantzen ari gara ikasleekin?

Argi dago, ez garela autonomo jaiotzen eta, urteak betetze hutsagatik, ez garela pertsona autonomoetan bilakatzen. Autonomia landu egin behar da modu pautatu, sistematizatu eta planifikatuan. Eta horretan dihardugu ikastetxean. Regina Aricetak, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako proiektu arduradunak bideo honetan, labur labur, hainbat gako eman dizkigu!