Larunbat honetan ikastetxean ikusi nahi zaituztegu!

Eskola Kiroletako Festa eta Maratoi Solidarioa

Larunbat honetan, abenduak 22, egun handia izango dugu ikastetxean. Gabon garai hauetan urtero egiten dugun moduan, aurten ere iritsi da Eskola Kiroletako Festa ospatzeko unea. Aurten gainera, are handiagoa egingo dute eguna Arrupe Elkarteko Arrupe Enborra taldeko kideek (DBH 3 eta 4), ikasturte honetako ekintza solidario gisa aukeratu duten Maratoi Solidarioaren bitartez.

Goizeko 9:00etan hasiko da Eskola Kiroletako Festa eta arratsaldeko 17:00ak arte, ikastetxe ezberdinetako 350 bat ikasle saskibaloian, futbolean eta boleibolean arituko dira, azken une horretan finalen garaia izango delarik. Jarraian mailaz-mailako ordutegiak.
> horarios-futbol-2018
> horarios-basket-voley-2018

Kirol Festak ikastetxera erakarriko duen jende andana gogoan hartuta, Arrupe Enborrako kideek “Rastrillo solidarioa” antolatu dute Apyma eta UNICEF-en laguntzarekin. Goizeko 9:00etan hasi eta iluntzeko 19:00ak bitartean, gazteek bigarren eskuko jostailu, liburu, disko eta antzerakoak salduko dituzte kirol-instalazioetan. Era berean, txosna solidarioa era jarriko dute ikastetxean eta interesa dutenentzat kontzientziazio tailerrak eskainiko dituzte.

Jakina denez, Arrupe Elkarteak San Ignacio ikastetxean eskaintza ebanjelizatzailea jorratzen du, besteak beste, ikasle zein familien artean ekimen solidarioei erantzunak emateko. Antolatutako “Rastrillo Solidarioa” horren adibide da eta UNICEF-ena den “Gotas para Niger” proiekturako dirua lortzea du helburu.

Ekimen hau antolatzeko, hiruhileko guztian zehar lanean aritu dira ikasleak ekimen sozial ezberdinak aztertuz. Begiraleen laguntzarekin UNICEF-ekin harremanetan jarri ziren eta ur edangarria edukitzearen garrantziaz jabetuta, jardunaldi guztian zehar lortutako dirua “Gotas para Niger” proiektura bideratzea erabaki zuten.

Proiektu honen bitartez ur putzuak eraikiko dira Nigerian gaixotasun eta heriotzak ekiditeko asmoz.
Era berean, gazteak elkarrekin egoteko, egungo errealitate globala eta bertakoa ezagutzeko eta protagonismo aktibo bat izateko aukera paregabea izango da biharkoa.

Ekintza guzti hauekin Jesuitak Donostian urtea mundu hobeago bat eraikiaz agurtu nahi dugu, eta ikastetxetik zuei ere horretan parte-hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Gabon zoriontsuak izan ditzazuela!

Afari solidarioa bost urtez

Bosgarren urtez Batxilergoko ikasleek gabon-gaueko afari berezi bat partekatuko dute kalean bizi diren pertsonekin.

Batxilergoko lehenengo mailako ikasle batzuen ideia zoro eta alaitik, gure ikastetxeko ekimenik ezagunenetako bat jaio zen 2014. urtean. Abiapuntua honakoa izan zen… Zergatik ez dugu kalean bizi diren pertsonentzako afari bat antolatzen beraiek ere Gabonez goza dezaten laguntzeko? Aurten, Loiolaetxea eta Caritasekin elkarlanean egiten den ekimenak 5 urte beteko ditu.

Ideia sustatu zuten ikasleen irrika eta inplikazioari esker, lehenengo urtean afari solidarioa arrakasta bat izan zen. Ikastetxeko maila guztiak mugiarazi zituzten, zuzendaritzarekin harremanetan jarri ziren jangela erabiltzeko baimena lortu zezaten eta erakunde ezberdinekin ere kontaktatu zuten proiektua bideragarri egiteko.

Hurrengo ikasturtean, ikasle talde berak, orduan Batxilergoko bigarren mailako ikasleak izanik, esperientzia errepikatzea erabaki zuen. Jada proiektua garatzeko ibilbide-orria ezaguna zen beraientzat eta ondorioz, antolakuntza errazagoa izan zen, eta beste behin, oso esperientzia baikorra.

Gaur, Batxilergoko bigarren mailan dauden ikasleek duela 5 urte hasitako ekimen solidarioari jarraipena emateaz arduratuko dira. Iluntzeko 21:00etan izango da zita ikastetxeko jangelan. Gazteek Gabonetako oporrak alde batera utziko dituzte egun batez taldean lan egin eta beraien alderdi solidarioena erakusteko. Afari solidarioa bizikidetza lantzeko aukera bat da eta baita mahaia, algarak eta ikaskuntza partekatzeko aukera ere guztiak berdinak diren inguru batean.

Euskaraldia, 11 egunez euskaraz!

Izena eman al duzu? Gu dagoeneko txapak banatzen hasi gara atxiki direnen artean!

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskaraldia ospatuko da Euskal Herri osoan, euskal hiztunok edo ulertzen dugun guztiok euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin. Ariketa honek 11 egunez euskaraz hitz egitean datza, hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko.
16 urtetik gorako herritar guztiek eman dezakete izena ekimen honetan eta 11 egun horietan, bi roletako bat jokatzea aukeratu beharko dute:
belarripres
ahobizi

 

 

 

 

 

 

Ahobizi: rol hau jokatzeko beharrezkoa izango da euskaraz hitz egiten jakitea. Talde honen egitekoa lehenengo hitza beti euskaraz egitea izango da. Besteak euskaraz ulertzen badu, erderaz erantzunda ere Ahobizik euskaraz hitz egingo dio.

Belarriprest: talde honetan parte-hartzeko gutxieneko baldintza euskaraz ulertzea izango da. Belarriprest direnek ingurukoei euskaraz hitz egin diezaioten eskatuko die eta ahal badute, beraiek ere euskaraz hitz egingo dute.
Ekimen honetan parte-hartzeko norberak bere rola aukeratu eta izena eman beharko du Euskaraldiaren webgunean. Behin izena emanda, bakoitzak dagokion taldean kokatzen duen txapa jasoko du, ingurukoek Ahobizi edo Belarriprest den jakin dezaten. Idazkaritzan dagoeneko txapak banatzen hasi gara izena eman duten pertsonen artean!

11 egunetan zehar ikurra soinean eramanda hizkuntza ohiturak aldatzearen alde egingo dugu. Izan ere, Donostian bertan 3 pertsonetatik 2k ulertzen dute euskaraz eta ariketa honen bitartez Donostiako euskara erabilera hirukoiztea espero da.

Ariketa hau bakoitzak bere inguruan, familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendatan…eguneroko harremanetan egitea proposatzen da. Jesuitak Donostian eta bertako Hizkuntza Normalkuntza Batzordean dagoeneko bat egin dugu Euskaraldiarekin sustatzaile moduan, eta zuk ere bat egitea gustatuko litzaiguke. Eman al duzu izena? Berandu baino lehen eman izena eta eskuratu zure txapa!

 

Fidela Borquez-en bitartez errealitate ezberdinak ezagutzen

Urriaren 22an, osteguna, Fidela Borquez-en bisita jaso genuen ikastetxean. Nador (Maroko) hiri migratzailetik Melillako hesia zeharkatzen duten edo horretan saiatzen diren pertsonei laguntzen egiten du lan Mariako Misiolari Kongregazio Frantziskotar erlijiosoan. Bertatik, migranteei laguntza psikologikoa, osasuntsua eta hezitzailea eskaintzen zaie.

Fidelak gurekin partekatu zituen hausnarketek, berriz ere ohartarazten digute ezin dugula beste alde batera begiratu, egunero honelako albisteak jasotzen ditugun gizarte batean: “Garantías Jurídicas que no sean papel mojado”

Bihotzez eskertzen dugu Fidelaren bisita eta bere testigantza gurekin partekatuz, gure heziketa proiektuan egin duen ekarpena. Horrelako istorioek gure ikasleak munduan existitzen diren errealitate ezberdinen kontziente izan daitezen ahalbidetzen digute. Gainera Kongregazioko harrera zerbitzuan burutzen duten lanaren berri izateko aukera eman die hitzaldi honek, migrazio bidai gogor baten eraginez, ondorio fisiko zein psikologikoak jasaten dituzten pertsona hauei ematen zaien laguntza ezagutuz.

Fidelaren hitzaldia ez da ikastetxetik gazteak migrazio gatazkara gerturatzeko helburuarekin martxan jarri dugun ekimen bakarra izan. Urrian Loiolan bizitako Mugetatik Haratago esperientzian (Alboan ONG-arekin lankidetzan) DBH 2-ko ikasleek euren azalean bizi zuten migratzaileen errealitatea eta pertsona hauek bizitzen dituzten zailtasunak. Esperientzia hauek talde honekiko harrera, laguntza eta adeitasunaren beharra ulertzen laguntzen die ikasleei, baita gure egunerokotasuneko ekintzek egoera honetan duten eragina ulertzen ere.
fidela borquez_jesuitak donostia

Eskola Kontseiluaren berrikuntza

Ikastetxeak Jesuitak Donostiako Eskola Kontseilu erdiaren berritze prozesua martxan jarri du, gurasoen, irakasleriaren eta Lehen Hezkuntza eta Batxilergo-ko irakasleen ordezkariak aukeratzeko.

Azaroaren 5etik 7ra aurkeztu ahal izango dira azaroaren 14ean bozkatuko diren ordezkariak. Bi egun beranduago, azaroaren 16an alegia, emaitzak jakitera emango dira eta, erreklamazio epearen ondoren, behin-betiko zerrenda aurkeztuko da hilaren 21ean.

Eskola Kontseiluaren eratzea abenduaren 12an izango da.

Jarraian eskuragarri duzue Eskola Kontseiluko Hauteskundeen egutegia.

Jesuitak
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.