Urriak 6, 2017 | Berriak
Nola dinamizatu daiteke Urumea Ibaia? Hau izan da Donostia Sustapeneko Innovation League proiektuak gure DBH 1-eko ikasleei luzatu dien erronka, ibaia zeharkatzen dituen lekuen topagunea bilakatzeko helburuarekin. Gure ikasleak talde-lanean ari dira, beren espiritu berritzailea eta sortzailea piztuaz ideia onena aurkitzeko!
Innovation League proiektua hiru fasetan antolatzen da. AURRETIKO fasea ikastetxean gauzatu zen eta, bertan, ikasleei ekimen honek bultzatzen dituen erronka eta helburuak azaldu zitzaizkien. Oinarrizko xedea: ekintzara pasatuz ikasleen sormena eta jarrera berritzailea lantzen dituen proiektu bat gauzatzea.
Bigarren fasean, SAILKAPENA deiturikoa, proposamenak landu eta aurkeztuko dituzte ikasleek. Fase honetan, taldearen izena eta irudia lantzeaz gain, proposatutako erronkari erantzuten dion sormen ideia landuko dute ikasleek. DBH 1-eko B eta C ikasgeletako ikasleak fase honetan aritu ziren astelehenean, hilak 2. Datorren astelehenean, hilaren 9an, A eta D-ko ikasleen txanda izango da.
Behin SAILKAPEN fasea amaitutakoan, Donostia Sustapenak ikastetxe bakoitzeko ideia onena aukeratuko du talde horiek beren proiektua Udaletxeko Areto Nagusian aurkeztu dezaten hile honen amaieran, 24 eta 25ean zehatzagoak izateko. Oraingoz, eta irabaztearen helburua alde batera utzita, gure erronka nagusia ikasleek modu ezberdin batean ikastea baimentzen dien esperientzia berri bat bizitzea da, ikasketa esanguratsuagoak eta errealitateari konektatuagoak dauden ikasketak jasotzea.
Eta zergatik ez, Donostia Sustapeneko taldearen aukeraketa lana apur bat zailduko dugu, gure 12 urteko ikasleen ideia guztiak irudimen handikoak eta bikainak izango baitira!
Urriak 6, 2017 | Berriak
Pasa den asteburuan Guetadar hausnarketen eta ospakizunen topalekua bilakatu zen Arrupe Donostia taldearentzat. Begiraleak, pastoralistak, etorkizunean komunitateko kide izango direnak eta gaur egun Arrupe Sendoan dauden Batxilergoko bigarren mailako ikasleak, komunitatea osatu eta 2017-2018 ikasturteari ilusioz begiratzeko asmoz elkartu ziren.
Ostiraletik igandera, jardunaldia oso sendoa izan zen: taldeko egoeraren inguruko hausnarketa dinamikak, aurtengo indarguneen eskertzeak, Ignaziotar komunitateek dituzten marko berrien inguruko analisiak, esperientzia berriak bizitzetik datozen kideen testigantzak entzutea… Eskerrik asko Laura eta Miren.
Guzti hori Arrupek bere 4 etapetan dituen helburuak zehazteko eta urtean zehar ikasleekin burutuko diren ekintza ezberdinak doitzeko helburuarekin:
- Arrupe Haziak: Lehen Hezkuntza 4 eta 5.mailako ikasleak
- Arrupe Sustraiak: Lehen Hezkuntza 6.mailako ikasleak eta DBH 1 eta 2.mailakoak
- Arrupe Enborra: DBH 3 eta 4.mailako ikasleak
- Arrupe Sendoa: Batxilergoko 1 eta 2.mailako ikasleak.
Urtean zehar ikasleekin biziko diren esperientziak gogora ekarriaz, hausnarketa eta ilusio momentu batean bilakatzen da urtero Arrupe Donostiako topaketa hau. Horregatik, ez da kasualitatea topaketa honek duen izenburua: Ametsen asteburua.
Uztailak 6, 2017 | Berriak
Uztailaren 12an Amaia Arzamendik, Jesuitak Donostiako zuzendariak, ikastetxeak eraldatzeko bidean lidergoak duen garrantziaz hitz egingo du ikastetxean bizitako esperientzian oinarrituta.kastetxe Jesuiten berrikuntza gai nagusitako bat izango da Educsi-ren 33. Jardunaldietan.
Uztailaren 11, 12 eta 13an Educsiren 33. Jardunaldiak ospatuko dira Bilboko Deustuko Unibertsitatean. Elkargune honetan Espainia eta Portugaleko Jesusen Lagundiko 73 unibertsitate aurreko eta Lanbide Heziketako hezkuntza erakundek hartuko dute parte. Topaketak 3 helburu nagusi izango ditu.
• Ikastetxeen arteko sarea sustatzea.
• Lan egiteko eremuei eta ezagutza partekatzeko espazioei bidea ematea.
• Berrikuntza eta misioaren inguruan hausnartzea.
Jardunaldiari hasiera emateko Antonio España, sj, Aita probintzialak agurra egingo du. Lagundiaren hezkuntza komunitatera zuzentzen den lehenengo aldia izango da uztailaren 8an Aita Probintzial gisa karguaz jabetu ondoren.
Magdalenok, Zaragozako El Salvador Ikastetxeko zuzendariak, izango du Educsi Jardunaldietan landuko den lehenengo gaia aurkezteko ardura, astearte goizean, uztailaren 11an. Magdalenok ikastetxe jesuitek duten hezkuntza misioaren testuinguruan berrikuntzak izan behar duen lekua kokatzeko marko proposamena luzatuko du. Egun horretan, arratsaldez, berrikuntza honen baitan irakasleen rola aldatzeko gakoak azalduko dituzte Huelvako SAFA ikastetxeko zuzendaria den Eduardo Vizcaínok eta Colegio Claver de Raimat-eko DBH-ko 2. Zikloko zuzendariak, Minerva Pocelek.
Bigarren egunean, uztailaren 12an hain zuzen ere, saioa Amaia Arzamendik, Jesuitak Donostiako zuzendariak, eta Iván Mirónek, Vigoko Apóstol Ikastetxeko zuzendariak eskainiko dute. Tarte honetan Jesusen Lagundiko Ikastetxeak eraldatzeko lidergoaren inguruan arituko dira. Arratsaldean kultur-ekintzak egiteko eta hiria bisitatzeko denbora izango dute jardunaldira bertaratu direnek, besteak beste, Guggenheim edota Arte Ederretako museoak, Getxoko Zubi Esekia, Bilboko parte zaharra edota paseoa ontzian Bilboko itsasadarrean barrena.
3. egunean, uztailaren 13an, goizean zehar berrikuntza prozesuen kohesioaren inguruan hitz egingo da. Andrés García Indak, Zaragozako El Salvador ikastetxeko zuzendari ohiak dinamizatuko duen espazio honetan ondorengo pertsonek parte hartuko dute: Bilboko Colegio Ntra Señora de Begoñako Lehen Hezkuntzako zuzendaria, Maialen Herran; Madrileko Padre Piquer Trebakuntza Zentruko berrikuntza, hezkuntza eta orientazio zuzendaria, Gregorio Casado; Las Palmas-eko DBHko zuzendaria, Mª Isabel Doreste; eta, Oviedoko San Ignacio Ikastetxeko zuzendaria, Luis Ordóñez.
Elkarrizketa honen ondoren, jardunaldira bertaratu direnek Educsiko zentroetan martxan jarri diren hezkuntza berrikuntzen inguruan esperientziak partekatzeko aukera izango dute, 9 gune pedagogikoetan. Jardunaldien azkeneko hitzaldia Javier Gil Ojedak, Trilema Fundazioko Trebakuntza eta Berrikuntza zuzendariak eskainiko du, ostegun arratsaldean.
33. Jardunaldiak DeustUko Unibertsitateko klaustroan eskainiko den itxiera-afariarekin amaituko dira. Educsik antolatzen duen topaketa honek Deustuko Unibertsitatearen, Universidad Pontificia de Comillas-en, SMren eta Loyola Komunikazio taldearen laguntza jasotzen du.
Ekainak 30, 2017 | Berriak
Gaur jaso du Leyrek Batxilergoko Sari Nazionala eta berarekin hitz egiteko aprobetxatu dugu. Zorionak!
Batxilergoko Sari Nazionala eskuan, zer sentitzen duzu?
Oraindik kostata sinesten dut saria jaso dudala; azterketa nazionaletik atera nintzenean ez nuen uste aprobatuko nuenik ere, hiru frogak oso gaizki atera zitzaizkidala pentsatzen nuen… Saritu probisionalak atera zirenean nire izena hor ikustean akats bat zegoela etorri zitzaidan burura eta, egia esan, ez nuen guztiz sinetsi behin betiko zerrenda ikusi arte, nahiz eta ingurukoek probisionala ikusi izanagatik ziur egon saritua izango nintzela.
Hala ere, ez da jasotzen duzun lehen saria, izan ere Eusko Jaurlaritzaren aitortza ere jaso zenuen iaz. Nola jaso zenuen albistea? Nola sentitu zinen?
Ez nago ziur behin betiko zerrenda atera zenean non negoen, baina azterketaren emaitzak jaso nituen eguna oso ondo gogoratzen dut bi arrazoiengatik: nire 18. urtebetetzea zen eta Mallorcan geunden, gure kurtso bukaerako bidaian. Noski, ez negoen ziur saria emango zidatela, baina emaitzak oso onak zirela banekien.
Zein izan da iritsi zaren lekura iristeko zure sekretua?
Egia esan, ez dut uste faktore bakarra jokoan dagoenik. Topikoa bada ere, lan gogorra egin izanak garrantzia izan du Euskadiko saria irabazteko; sari horretan Batxilergoan egindako lan guztiak berebiziko eragina du. Nolanahi ere, zoria eta zortea ere sartu behar ditugu faktoreetan, azterketan ateratako gaiak zure gustukoak edo zuk ikasitakoak, nazionalaren kasuan, izatea. Euskadiko azterketan, adibidez, nirekin azterketa egin zuten askok Ingeleseko azterketako galderaren hitz baten esanahia ez zekiten, eta galderaren gakoa hitz horretan zegoen. Horretarako, ezin zara aurretik prestatu.
Bestetik, estrategiarekin jokatzea ere garrantzitsua da; den-dena bikain jakitea ezinezkoa da, beraz, hobe da zure burua zerbaitetan zentratzea, guzti-guztia hartzea baino. Askotan, faktore honek zortearekin lotura estua du. Esate baterako, azterketa Nazionala prestatzeko denbora gutxi izan nuen Unibertsitatearekin oso lanpetuta negoelako, baina Historiako frogan zorte ona izan nuen, estrategiak funtzionatu zuen: Historiako apunteetan Espainia mailan orain dela ehun urteetako (1916-7) gertakariren bati buruz ikasi nuen bereziki: 1916ko Greba orokorrak eta langile mugimendua. Azterketan hori galdetu ziguten!
Azkenik, nire ingurukoek ere eragin handia izan dute niregan. Gurasoen eta lagunen laguntza eta babesari esker iritsi naiz bi sariak irabaztera; izan ere, haiek “behartu” zidaten Sari Nazionalean parte hartzera, lortu nezakela pentsatu izan dute beti.
Jaso dituzun aipamenek zertan lagundu dizutela esango zenuke?Nire ahalmenetan segurtasuna izaten lagundu didate. Esan bezala, sari hauetarako ez naiz bereziki prestatu, baizik eta “etxetik” nekarrenarekin egin nituen bi azterketak.
Une honetan zertan zabiltza?
Nire unibertsitateko lehen urtea bukatu berri dut. Literatura ikasten nabil University of Warwick-en, Erresuma Batuan. Betidanik literatura maite izan dut, baina Espainian, literatura ikasi nahi baduzu gertuena Filologia bat ikastea da, baina niretzako linguistikaren alderdia ez zen interesgarriena eta Erresuma Batuan, berriz, bi esparruak bi karrera ezberdinetan zatituta daude.
Etorkizunari begira, zer duzu buruan? Zer egitea gustatuko litzaizuke?
Erresuma Batuan unibertsitateak hiru urte soilik irauten du, lau atzerrian urte bat egin nahi baduzu, Erasmus edo delako programa batekin; nik azken hori egitea espero dut. Unibertsitatea bukatu ostean, liburu edo tankerako argitaletxe batean lan egitea gustatuko litzaidake.
Atzera begira, nola bizi izan duzu zure ikasle etapa ikastetxean?
Oso oroipen onak ditudala iruditzen zait; nire lagun onenak bertan egin ditut, betirako izango direnak. Nahiz eta momentu batzuetan ikasketak estresanteak izan, orokorrean nire sentimenduak positiboak dira.
Zertan lagundu dizu ikastetxeak ikasle eta pertsona gisa hezten? Zer azpimarratuko zenuke?
Dudarik gabe, eskolan zabaltzen dituzten baloreak azpimarratuko nituzte; hainbeste urte horrelako baloreak landu ostean azkenean barneratzen dituzu ezinbestez.
Sari hauek eskuratzeko ikastetxeak zerikusirik izan duela uste al duzu?
Nire familia eta lagunez gain, zalantzarik gabe ikastetxea faktore handia izan da saria lortzeko bidean. Azterketak bertan ikasitakoan oinarrituz egin ditut! Halaber, nire irakasleen laguntza eta babesa funtsezkoa izan da, bai moralki bai azterketak prestatzerako orduan.
Aholkurik ikastetxean dauden ikasleei?
Nahi dutenaren alde borrokatu dezatela esango nieke; ez utzi inori zuen bizitzaren gainean erabakitzen, ondo dago zure familiaren eta irakasleen aholkuak hartzea, baina funtsean norberak hartu behar ditu erabakiak. Halaber, zerbait nahi baduzu lortzeko lan egin, zure erantzukizuna da hori lortzeko ahalegina egitea; beste inork ez du zuregatik egingo.
Ekainak 22, 2017 | Berriak
Txio Txio proiektuaren baitan DBH 1eko 60 ikasle proiektu bidezko formakuntzan murgildurik egon dira azken astean zehar.
Ikasturteari amaiera ematen ari garen honetan, Venezuelako Aita Gumilla ikastetxeari laguntzeko ekimen bat lantzearen erronka luzatu genien DBH 1eko ikasleei 3 helburu nagusirekin:
- Ikasleek eginez ikastea.
- TBL (Thinking Based Learning) metodologia erabiltzea.
- Proiektu baten garapenean murgilduz elkarlana sustatzea.
- Laguntzeko konpromisoarekin Venezuelako Aita Gumilla ikastetxerako proiektu bat lantzea.
DBH 1eko ikasleek oilategi baten proiektu pilotua lantzeko proposamena egin zuten, Txio Txio proiektua. Horrelakoa izan da ikasleen lana ekimen honen barnean.
Proiektuaren garapena
Proiektua ikerketa lanekin hasi zen. Aita Gumilla ikastetxea ezagutzea ezinbestekoa zen proiektu egoki bat lantzeko, hortaz, hori izan zen beraien lehen eginbeharra. Honez gain, oilategi bat eraiki nahi bazuten, ezinbestekoa zen animalia hauen bizitza zikloan murgiltzea, beraz, horretan ere jardun ziren gazteak. Azkenik, proiektua aurrera eraman ahal izateko aurrekontu desberdinak aztertu zituzten eta proiektuaren garapenerako behar zituzten baliabideak zerrendatu zituzten.
Testuingurua aztertu ondoren eta proiektuaren bideragarritasuna mahai gainean zutela, eskulanean hasteko unea iritsi zen. Taldeka 2 maketa handi prestatu zituzten Venezuelako Aita Gumilla ikastetxean oilategi bat eraikitzeko proposamena landuz.

Horretan ari zirela, eta Jesuitak Donostian ere oilategi bat eraikitzeko ideiari jarraituz, ikasleak zuzendaritza taldearekin harremanetan jartzea erabaki zuten. Zuzendaria den Amaia Arzamendiri gutun bat idatzi zioten Loiolaetxean oilategi bat eraikitzeko eskaera eginez. Zuzendaritzaren erantzuna? Aurrera!
Egun bat nahikoa izan zen ikasleak buru-belarri jarri eta Loiolaetxean oilotegia eraikitzeko! Zalantzarik gabe, inplikazioa eta ilusioa nahikoak dira ekimen bat aurrera eraman nahi bada halaxe izan dadin! Eta dagoneko baieztatu dezakegu ikasleek lan bikaina egin dutela, izan ere, jada lehen arrautzak jaso dituzte!
Txio Txio proiektua abian da eta orain helburua proiektuari jarraikortasuna ematea da. Dagoeneko irailean martxan jartzeko hainbat ideia bueltaka dituzte ikasleek. Lehenik eta behin, urtero Venezuelako Aita Gumilla ikastetxeko Victoriak egiten digun bisitan, proiektu honetan egindako lana aurkeztuko diote. Honez gain, bilketa solidario bat egiteko asmoa ere badute ikasleek. Azkenik, oilategiaren garapena bermatzeko, atzetik datorren taldeari, hau da, 2017-2018 ikasturtean DBH 1en egongo direnei, lekukoa pasako zaie. Hemendik aurrera beraiek izango dira Txio Txio proiektuaren arduradun.
Lan bikaina!