Izena eman al duzu? Gu dagoeneko txapak banatzen hasi gara atxiki direnen artean!
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskaraldia ospatuko da Euskal Herri osoan, euskal hiztunok edo ulertzen dugun guztiok euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin. Ariketa honek 11 egunez euskaraz hitz egitean datza, hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko.
16 urtetik gorako herritar guztiek eman dezakete izena ekimen honetan eta 11 egun horietan, bi roletako bat jokatzea aukeratu beharko dute:
Ahobizi: rol hau jokatzeko beharrezkoa izango da euskaraz hitz egiten jakitea. Talde honen egitekoa lehenengo hitza beti euskaraz egitea izango da. Besteak euskaraz ulertzen badu, erderaz erantzunda ere Ahobizik euskaraz hitz egingo dio.
Belarriprest: talde honetan parte-hartzeko gutxieneko baldintza euskaraz ulertzea izango da. Belarriprest direnek ingurukoei euskaraz hitz egin diezaioten eskatuko die eta ahal badute, beraiek ere euskaraz hitz egingo dute.
Ekimen honetan parte-hartzeko norberak bere rola aukeratu eta izena eman beharko du Euskaraldiaren webgunean. Behin izena emanda, bakoitzak dagokion taldean kokatzen duen txapa jasoko du, ingurukoek Ahobizi edo Belarriprest den jakin dezaten. Idazkaritzan dagoeneko txapak banatzen hasi gara izena eman duten pertsonen artean!
11 egunetan zehar ikurra soinean eramanda hizkuntza ohiturak aldatzearen alde egingo dugu. Izan ere, Donostian bertan 3 pertsonetatik 2k ulertzen dute euskaraz eta ariketa honen bitartez Donostiako euskara erabilera hirukoiztea espero da.
Ariketa hau bakoitzak bere inguruan, familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendatan…eguneroko harremanetan egitea proposatzen da. Jesuitak Donostian eta bertako Hizkuntza Normalkuntza Batzordean dagoeneko bat egin dugu Euskaraldiarekin sustatzaile moduan, eta zuk ere bat egitea gustatuko litzaiguke. Eman al duzu izena? Berandu baino lehen eman izena eta eskuratu zure txapa!
Urriaren 22an, osteguna, Fidela Borquez-en bisita jaso genuen ikastetxean. Nador (Maroko) hiri migratzailetik Melillako hesia zeharkatzen duten edo horretan saiatzen diren pertsonei laguntzen egiten du lan Mariako Misiolari Kongregazio Frantziskotar erlijiosoan. Bertatik, migranteei laguntza psikologikoa, osasuntsua eta hezitzailea eskaintzen zaie.
Fidelak gurekin partekatu zituen hausnarketek, berriz ere ohartarazten digute ezin dugula beste alde batera begiratu, egunero honelako albisteak jasotzen ditugun gizarte batean: “Garantías Jurídicas que no sean papel mojado”
Bihotzez eskertzen dugu Fidelaren bisita eta bere testigantza gurekin partekatuz, gure heziketa proiektuan egin duen ekarpena. Horrelako istorioek gure ikasleak munduan existitzen diren errealitate ezberdinen kontziente izan daitezen ahalbidetzen digute. Gainera Kongregazioko harrera zerbitzuan burutzen duten lanaren berri izateko aukera eman die hitzaldi honek, migrazio bidai gogor baten eraginez, ondorio fisiko zein psikologikoak jasaten dituzten pertsona hauei ematen zaien laguntza ezagutuz.
Fidelaren hitzaldia ez da ikastetxetik gazteak migrazio gatazkara gerturatzeko helburuarekin martxan jarri dugun ekimen bakarra izan. Urrian Loiolan bizitako Mugetatik Haratago esperientzian (Alboan ONG-arekin lankidetzan) DBH 2-ko ikasleek euren azalean bizi zuten migratzaileen errealitatea eta pertsona hauek bizitzen dituzten zailtasunak. Esperientzia hauek talde honekiko harrera, laguntza eta adeitasunaren beharra ulertzen laguntzen die ikasleei, baita gure egunerokotasuneko ekintzek egoera honetan duten eragina ulertzen ere.
Ikastetxeak Jesuitak Donostiako Eskola Kontseilu erdiaren berritze prozesua martxan jarri du, gurasoen, irakasleriaren eta Lehen Hezkuntza eta Batxilergo-ko irakasleen ordezkariak aukeratzeko.
Azaroaren 5etik 7ra aurkeztu ahal izango dira azaroaren 14ean bozkatuko diren ordezkariak. Bi egun beranduago, azaroaren 16an alegia, emaitzak jakitera emango dira eta, erreklamazio epearen ondoren, behin-betiko zerrenda aurkeztuko da hilaren 21ean.
Eskola Kontseiluaren eratzea abenduaren 12an izango da.
Jarraian eskuragarri duzue Eskola Kontseiluko Hauteskundeen egutegia.
Eraldatzeko eraldatzea eta ikastetxea irekitzea izan dira gure zuzendaritza taldeko zati handi bat Kolonbiara bidaiatzera eraman dituzten bi ildo estrategiko nagusiak, Julio Fontanen Learning One to One metodoa lehen eskutik ezagutzeko asmoz. Julio Fontán gure ikastetxeko eredu pedagogikoa ezatzera etorri zen, eta orain guk izan dugu bertan nola lan egiten duten ezagutzeko aukera.
Learning One to One, Fontán ikastetxeetan ezarrita dagoen FRE (Fontán Hezkuntza Erlazionala) eredu pedagogikoan oinarritzen da, besteak beste ikasleak adinaren arabera taldekatu beharrean, autonomia mailaren arabera taldekatzen dituen ereduan, alegia. Eredu berritzaile honek heziketa pertsonalizatua bultzatzen du, ikasleei alternatiba eta irtenbide ezberdinen bilaketa gaitasuna garatzeko aukera emanaz eta euren komunitateak aurrera egiteko helburuarekin hartu beharreko erabakietan protagonismoa emanaz.
Gaur egun, Julio Fontán (Medellín, 1957), Fontán ikastetxeen sortzaileen semea dena, da ikastetxe kate honen zuzendaria. Bere gurasoak, psikologoa aita eta filologoa ama, heziketaren zale amorratuak ziren eta haur bakoitzak bere ikasketa erritmoak dituela sinesten zuten. Hori dela eta, beren semea Julio jaio zen urte berean Centro Psicotécnico de Medellín irekitzea erabaki zuten. Bideo honetan zehaztasun gehiagorekin azaltzen da Fontán ikastetxeetan jarraitzen duten metodologia.
Gaurtik hasi eta ostiralera arte, gure ordezkariak FRE metodologiaren inguruko hitzaldi eta tailer ezberdinetan parte hartuko dute.
Kurtso hasiera bakoitzean, Arrupe taldea Getadarrera joaten da asteburu batez kurtso berriko asmoak zehaztu eta ilusioz ekiteko. Euren “ametsen asteburua” izaten da.
Aurten gainera, amesteko gogoak areagotu egin dira ikastetxeko Batxilergo etapa amaitu ondoren Arrupeko begirale familia handira gehitu diren 15 gazte berriren parte-hartzeari esker. Gainera, 2. Batxilergoko 9 ikaslek (beste batzuek ezin izan zuten joan) esperientzia honetan parte hartu nahi izan dute, gertuko etorkizun batean, komunitate handi honen parte izan eta ikasle bezala jasotzen ari direna emateko asmoz. Ihesaldian Arrupe Donostiak ospatzen dituen ekimen guztietan laguntzen duten ikastetxeko pastoralistek ere hartu dute parte.
Asteburuko lan-tresna nagusi bezala, orain gutxi publikatu den Ignaziotar Komunitate Gazteen Markoan zehazten diren hausnarketan eduki ditu Arrupe Donostiak. Dokumentu honen helburua gaur egungo gazteak nolakoak diren zehaztea eta aisialdiko ekintzen bitartez besteei laguntzeko pertsonak trebatzea helburu duen aisialdia talde baten gako nagusiak zeintzuk diren zehaztea da.
Markoan identifikatutako gako nagusien arabera, beren bizitzetako protagonistak direla sentitzen duten eta beren helburuak lortzeko ilusioa duten ikasleak dauzkagu gaur egungo gazteen testuinguruan. Gure ikasleak, izatez geldiezinak direnak, probatzea, bizitzea eta inguratzen dutena ulertzeko erlazionatzea bilatzen dute. Guzti hau, teknologiak gain-konektatuak eta ikusgai bizitzera behartzen dituzten testuinguru batean, zeinak era berean, bakartasun eta norbanakoaren intimitatearen beharra izatera eramaten dituzten. Gakoa den beste puntu bat, espazio propioen aldarrikapena da, pertsona heldu edota haurrekin partekatzen dituzten espazioengandik ezberdinak direnak.
Horregatik, eta abiapuntua hau izanda, badakigu Arrupe espazio abegitsu bat izatea bermatzeko amesten jarraitu behar dugula, ikasleei esperientziak eskaintzen dizkien espazio bat izateko eta batik bat, gertutasunetik besteei laguntzeko pertsonak izatera eramaten dituzten giza balioen garapenean bide lagun izango dena.
Guzti hau ez litzateke posible izango beste pertsonengandik jaso dutena eskertzeko asmoz, doakotasunez hezteko interesa duten begiraleez osatutako talde handi hori gabe. Asteburu honetan komunitatea egiten duen talde hori, (pertsona batzuk Bartzelonatik, Leondik eta Madriletik edo Euskadiko beste puntu batzuetatik etorrita), gure ikasleen bidelaguntza prozesuan bakoitzaren onena emateko indarrak hartu dituztenak, konpromisoz, arduraz eta talde lanean. Eskerrik asko bidelagun izan zareten guztioi! Eskerrik asko etorri, amets egin eta kurtso guztian zehar amets horiek egi bilakatzeagatik!
Ikasturte berri honi hasiera paregabea eman die lehenengo batxilergoko ikasleek Hizkuntz Proiektuaren baitan gauzatzen diren Elkartrukaketak esperimentatuz. Ikastetxean garrantzi handia ematen diogu komunikazio gaitasunak lantzeari, eta ingelesezko komunikazio trebetasuna hobetzeko helburuari jarraiki, Danimarkako ikasleak izan ditugu bisitan.
Irailaren 23tik 27ra bitartean, ikastetxeko 27 familiek beren etxeko ateak ireki dizkiete Danimarkako Naesgaard Efterskole ikastetxeko 27 ikasleri. Naesgaard Efterskole ikastetxea Stubbekobing izeneko herri txiki batean kokatzen da, Copenhagetik 125km-ra hain zuzen ere, eta natura, kirola eta arte konpetentziak lantzen dituen bigarren hezkuntzako ikastetxea da.
Iraileko 5 egun horietan, Danimarkako ikasleek hainbat plan turistiko eta kultural bizitzeko aukera izan dute gure hirian zehar. Goizetan, astelehenetik hasita, Aquarium-a bisitatu zuten lehenengo. Ondoren, euskal kultura gastronomikoan murgilduz, Astigarragako Sagardo Etxera joan ziren, eta asteazkenean berriz, Donostian hain esanguratsuak diren Urgull mendia eta Santa Klara irla bisitatu zituzten. Arratsaldeak bakoitzari egokitu zaion familiarekin egoteko uneak izan dira, eta hauekin ekintza ezberdinak burutu dituzte; besteak beste, Errealaren partidua ikusi, surf-a egin edo Alde Zaharreko pintxoak jan.
Familiek zein ikasleek esan digutenez, Elkartrukaketa primeran atera da eta esperientzia zoragarria izan da guztientzat. Kultura eta bizi ohitura ezberdineko pertsonak ezagutzeko aukera eskaintzeaz gain, ingelesez aritzeko aukera ematen die Elkartrukaketak ikasleei, ahozkotasuna landuz.
Ikasle daniarrak dagoeneko beren etxeetara itzuli badira ere, ez da adiorik izan, harrera eman duten ikasleak Danimarkara bidaiatuko baitute apirilean.