Ikasle daniarrak Donostian izan ditugu

Ikasturte berri honi hasiera paregabea eman die lehenengo batxilergoko ikasleek Hizkuntz Proiektuaren baitan gauzatzen diren Elkartrukaketak esperimentatuz. Ikastetxean garrantzi handia ematen diogu komunikazio gaitasunak lantzeari, eta ingelesezko komunikazio trebetasuna hobetzeko helburuari jarraiki, Danimarkako ikasleak izan ditugu bisitan.

Irailaren 23tik 27ra bitartean, ikastetxeko 27 familiek beren etxeko ateak ireki dizkiete Danimarkako Naesgaard Efterskole ikastetxeko 27 ikasleri. Naesgaard Efterskole ikastetxea Stubbekobing izeneko herri txiki batean kokatzen da, Copenhagetik 125km-ra hain zuzen ere, eta natura, kirola eta arte konpetentziak lantzen dituen bigarren hezkuntzako ikastetxea da.

Iraileko 5 egun horietan, Danimarkako ikasleek hainbat plan turistiko eta kultural bizitzeko aukera izan dute gure hirian zehar. Goizetan, astelehenetik hasita, Aquarium-a bisitatu zuten lehenengo. Ondoren, euskal kultura gastronomikoan murgilduz, Astigarragako Sagardo Etxera joan ziren, eta asteazkenean berriz, Donostian hain esanguratsuak diren Urgull mendia eta Santa Klara irla bisitatu zituzten. Arratsaldeak bakoitzari egokitu zaion familiarekin egoteko uneak izan dira, eta hauekin ekintza ezberdinak burutu dituzte; besteak beste, Errealaren partidua ikusi, surf-a egin edo Alde Zaharreko pintxoak jan.

Familiek zein ikasleek esan digutenez, Elkartrukaketa primeran atera da eta esperientzia zoragarria izan da guztientzat. Kultura eta bizi ohitura ezberdineko pertsonak ezagutzeko aukera eskaintzeaz gain, ingelesez aritzeko aukera ematen die Elkartrukaketak ikasleei, ahozkotasuna landuz.

Ikasle daniarrak dagoeneko beren etxeetara itzuli badira ere, ez da adiorik izan, harrera eman duten ikasleak Danimarkara bidaiatuko baitute apirilean.

Vi ses snart!
p_20180924_084314