Urtarrilak 30, 2017 | Berriak
Gure ikastetxea hautatua izan da Ferran Adrià-ren berrikuntzan eta sormenean oinarritzen den hezkuntza eraldaketa prozesuan parte-hartzeko! XXI. mendeko ikastetxe izateko bidean lanean jarraitzen dugu, oraingo honetan, Telefonica Fundazioaren “Escuelas Creativas” proiektuari esker.
Antolatzaileen datuen arabera, 2016ko urritik 2017ko urtarrilera bitartean, ikastetxe askok euren proiektu berritzaileak aurkeztu dituzte “Escuelas Creativas” proiektuan parte hartzeko. Proposamenetan ikastetxe bakoitzak erronka bat aurkezteaz gain, aldatu nahi dituen atalak zeintzuk diren azaldu du. Epaimahaiaren aukeraketa prozesua amaitu da dagoeneko eta guztira estatu osoko 19 ikastetxeek hartuko dute parte. Gurea izan da Euskal Herritik hautatua izan den zentro bakarra.
Eraldaketa prozesuan zehar, profesionalekin bilerak egingo ditugu, guretzako diseinatutako materiala izango dugu eta proiektuko tutoreen etengabeko jarraipena eta laguntza izango dugu.
Notizia honek izugarri poztu gaitu, izan ere, proiektu honetan parte-hartzea ikasten jarraitzeko eta metodologia berriak ezagutzeko aukera paregabea da. Honek gure onena ateratzen lagunduko digu, ondoren ikasleen onena atera ahal izateko. Ikastetxea eraldatu nahi badugu bertako hezitzaileak eraldatzea ezinbestekoa da, eraldaketa barrutik kanpora eginez, eta “Escuelas Creativas” proiektuan parte-hartzea aldaketa hori sustatzeko aukera ezin hobea da.
Beraz, ilusio handiz eta ikasteko eta hobetzeko helburuarekin egingo diogu aurre erronka berri honi. Era honetan lortuko dugu gure benetako ametsa: mundu solidario, gizatiar eta jasangarriago bat eraikitzeko pertsonak trebatzea.
Argazkia: Fundación Telefónica
Urtarrilak 27, 2017 | Berriak
Aurreko asteburuko danbor hotsen ajea pasata, hemen dituzue egun horietan bizitako momentu politen argazki eta irudiak.
Eskolako haur danborradan 183 ikaslek hartu zuten parte. Urtarrilaren 20an danborra joaz igaro zituzten Groseko eta erdialdeko kaleak. Bertan egon ziren gaztetxo guztientzat esperientzia ahaztezina izan dela ziur gaude! Gainera, aurtengoan kutsu solidarioa izan du Haur Danborradak. Union Artesanak luzatutako gonbidapenari esker, danbor-jole bakoitzeko euro bat eman zaio Zaporeak proiektuari; gure kasuan 183 €!
Honez gain, abenduaren 20an, arratsaldez, APYMA, Ikasle Ohi eta Batxilergoko ikasleen txanda izan zen. Jai-giroan Donostiako doinuak jo zituzten 121 Batxilergoko ikaslek eta 67 guraso eta ikasle-ohiek.
Azkenik, aipamen berezia egin nahi dugu danborradan boluntario gisa aritu zareten ikasle, hezitzaile eta guraso guztiei. Zuek gabe antolakuntza ezinezkoa izango zen!
Guk bildutako argazkiez gain argazki gehiago badituzue bidali komunikazioa@donostiajesuitak.org helbidera gura album-a osatzeko! Eskerrik asko!
Urtarrilak 18, 2017 | Berriak
Hau da 2017ko Danborrada egunetan izango dugun programa berezia.
Urtarrilaren 19a
16:15: Banderaren igoera eta danborrada ikastetxean.
Eguraldi ona egiten badu festa futbol zelaian izango da. Euriarekin festa frontoian egingo da.
Urtarrilaren 20a
· Haur Danborrada
10:30 Katalunia plaza: ikastetxeko ikasleek Mariaren Bihotza ikastetxeko ikasleekin eta Itxasgain danborradarekin joko dute.
12:00etan hasiko da Donostiako Haur Danborraden desfilea.
· APYMA, Ikasle Ohi eta Batxilergoko ikasleen Danborrada
17:15ean ikastetxetik aterako dira eta 20:45ean amaituko dute ibilbidea.
19:00-19:30: Groseko San Ignazio parrokian joko dute. Bertan 2017 Urrezko Danborraren entrega egingo da. Aurtengoan saria Batxilergoko boluntariotza ikasleek jasoko dute euren lan bikainagatik.
Abenduak 22, 2016 | Berriak
*Iazko afari solidarioaren argazkia
Hirugarren urtez Batxilergoko ikasleek gabon-gaueko afari berezi bat partekatuko dute kalean bizi diren pertsonekin.
Proiektu hau, gaur egun finkatuta dagoen abenturan murgildu ziren ikasleen ekimenari esker sortu zen.
Batxilergoko lehenengo mailako ikasle batzuen ideia zoro eta alaitik, gure ikastetxeko ekimenik ezagunenetako bat jaio zen. Abiapuntua honakoa izan zen… Zergatik ez dugu kalean bizi diren pertsonentzako afari bat antolatzen beraiek ere Gabonez goza dezaten laguntzeko? Emaitza: aurten ekimenak 3 urte beteko ditu eta usadio bihurtzeko bidean doa.
Ideia sustatu zuten ikasleen irrika eta inplikazioari esker, lehenengo urtean afari solidarioa arrakasta bat izan zen. Lehenik eta behin, maila guztia mugiarazi zuten eta gero, ikastetxe osoa: zuzendariarekin hitz egin zuten jangela utz ziezaioten, Caritas eta Loiola-Etxea bezalako erakundeekin kontaktuan jarri ziren, APYMA-rekin hitz egin zuten eta afaria erosteko dirua bildu zuten.
Esperientzia ahaztezina izan zen; ez zuten inolaz ere espero laguntza eskaintzeko asmoz sortutako ekimenak beraiek hainbeste aberastuko zituztenik. Pertsona ezberdinekin solasean aritzeko, hauek ezagutzeko eta beraien istorioak gertutik entzuteko aukera izan zen, errealitatearekin konektatuz eta inguratzen gaituen munduaz kontziente bilakatuz.
Hurrengo ikasturtean, ikasle talde berak, orduan Batxilergoko bigarren mailako ikasleak izanik, esperientzia errepikatzea erabaki zuen. Jada proiektua garatzeko ibilbide-orria ezaguna zen beraientzat eta ondorioz, antolakuntza errazagoa izan zen, eta beste behin, oso esperientzia baikorra.
Aurten, Batxilergoko bigarren mailan dauden ikasleek testigua hartu dute eta duela hiru urte hasitako, eta egun ikastetxeko ohituren parte den, ekimen solidarioari jarraipena emateaz arduratuko dira.
Zita gaur izango da. Gazteek Gabonetako oporrak alde batera utziko dituzte egun batez taldean lan egin eta beraien alderdi solidarioena erakusteko. Afari solidarioa bizikidetza lantzeko aukera bat da eta baita mahaia, algarak eta ikaskuntza partekatzeko aukera ere guztiak berdinak diren inguru batean.
Jarraian ekimen honen sortzaile izandako hainbat ikasleri egindako elkarrizketa ikusi dezakezue. Mila esker Maria, Nerea eta Aitana zuen esperientzia gurekin partekatzeagatik!
Jesuitak Donostia, Afari solidarioa from Jesuitak Donostia Ikastetxea on Vimeo.
Abenduak 16, 2016 | Berriak
Bihar, abenduaren 17, Arrupe Elkarteak aurten sortutako Arrupe Txiki proiektuaren lehenengo ekintza ospatuko da ikastetxean. “Familia” izeneko ekintza hau, LH 4. mailako ikasleentzat eta euren gurasoentzat dago bideratuta.
Egitasmoa arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara bitartean burutuko da, tartean (19:30etan) askaria egongo delarik. Parte-hartzaileek bi txanda izango dituzte ekimen honetara batzeko, arratsaldeko 17:00etan lehenengoa eta 19:30etan bigarrena. Sarbidea Galtzara Zaharretik egingo da.
Jolasak egingo direnez, arropa erosoa ekartzea gomendatzen dugu. Bestalde, euro bana ekarri beharko dute ikasleek.
San Ignacio Ikastetxetik, LH 4.mailako ikasleak zein hauen gurasoak parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Parte hartzeko, ondorengo FORMULARIO hau bete behar duzue.
Zuen zain geratzen gara!