Ekainak 12, 2020 | Berriak
Jesuitak Donostia ikastetxetik jakinarazi nahi dizuegu COVID-19arekin bateragarriak ziren sintomak zituen ikasleari egindako PCR probaren emaitza negatiboa dela.
Ikasle batek sintomak zituela jakin bezain laster, dagokion protokoloa aplikatu, Osakidetzarekin harremanetan jarri eta horrek emandako argibideak jarraitu genituen.
Egoera berri honen aurrean, bertan behera geratzen dira atzo hartutako neurriak, horien artean ikaslearekin harremanetan izan diren gazteek eta euren familiek 14 egunez berrogeialdia egin beharra.
Hala ere, Zuzendaritza Taldeak erabaki du DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako aurrez aurreko eskolak bertan behera utzi izanari eutsi eta ikasturtea etxetik amaitzea, prozesu guzti honetan zehar erabilitako online metodologia erabilita.
Hartutako erabakiekin, une oro gure hezkuntza-komunitatearen osasuna eta segurtasuna bermatu nahi izan ditugu.
Azkenik, eskerrak eman nahi diogu ikaslearen familiari guztien on beharrez ardurarekin jokatu izangatik. Ondo zaudetelako asko pozten gara!
Maiatzak 21, 2020 | Berriak
Adolfo Nicolás SJ, Jesusen Lagundiaren buru izan zena 2008 eta 2016 bitartean, maiatzaren 20an hil zen Tokion (Japón). Aita Nicolas-ek 84 urte zituen eta endekapenezko gaixotasun baten aurka borrokan egon zen denbora luzez, baina horrek ez zion eragotzi Aita Santu Frantzisko jesuitarekin topo egitea joan den azaroan Japoniara egindako bisitan.
Arturo Sosa Aitak, jesuita guztiei bidalitako gutun batean, adiskide bikaina eta ebangelioko gizona bezala deskribatu du, besteak beste, Adolfo Nicolás SJ.
Ondorengo estekan, Jesusen Lagundiak bere heriotzaren inguruan emandako informazioa ikus dezakezue.
Goian Bego Adolfo Nicolás SJ.
Argazkia: Espainiako Jesusen Lagundia.
Maiatzak 20, 2020 | Berriak
Maiatzaren 19an, Mahi-Mahi-ek antolatuta, COVID-19ren ondorengo eskolaren inguruko jardunaldi digitala ospatu zen.
Irailean eskola nolakoa izango den ez dakigu eta, horren inguruan dauden galdera ugariei erantzuteko asmoz, jardunaldian parte hartu zuen aditu-taldeak hausnarketa sakona egin zuen.
Parte-hartzaileen artean, besteak beste, Amaia Arzamendi egon zen, Iparraldeko Jesuitak ikastetxeen koordinatzailea.
Ondorengo estekan, jadrunaldia ikus dezakezue.
Apirilak 30, 2020 | Berriak
Eusko Jaurlaritzak 2020-2021 ikasturterako, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan mendeko ikastetxe publikoetan eta EAEko itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko jarraibideak onartzen dituela aditzera eman du, COVID-19aren ondorioz egondako etenaldiaren ondoren.
Ondorioz, hasiera batean zehaztutako eskabideak aurkezteko egutegi komuna eta onarpen-epeak eguneratu ditu:
a) Eskabideak eta egiaztagiriak entregatzea: urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra.
b) Eskatzaileen zerrenda argitaratzea: otsailaren 25a.
c) Behin-behineko zerrenden argitalpena: martxoaren 17a.
d) Behin-behineko zerrenden erreklamazioak: maiatzaren 6ra arte.
e) Eskaeran atzera egitea: maiatzaren 6ra arte.
f) Behin betiko zerrenden argitalpena: maiatzaren 12a.
g) Lurralde-ordezkariek esleitutako plazen zerrendak argitaratzea: maiatzaren 15a.
h) Behin betiko zerrendei jarritako gora jotzeko errekurtsoak: ekainaren 12ra arte.
i) Ordezkariek esleitutako lanpostuei uko egitea: maiatzaren 19ra arte.
j) Datu estatistikoak grabatzea: maiatzaren 18tik 25era. Halaber, irailean, Hezkuntza Saileko Estatistika Unitateek jakinarazten dieten epean, matrikularen behin betiko datu estatistikoak baliozkotu beharko dituzte aplikazio informatiko horretan.
k) Itxarote zerrendaren indarraldia: irailaren 18ra arte.
Apirilak 27, 2020 | Berriak
Ondorengo lerroetan, Eusko Jauritzako Hezkuntza Sailak batxilergoko matrikulazioaren inguruan bidalitako informazioa jakinarazi nahi dizuegu.
COVID-19k eragindako osasunkrisiaren egoera kudeatzeko alarmaegoera deklaratzearen ondorioz 463/2020 martxoaren 14ko Errege Dekretuaren bidez eta haren ondoz ondoko luzapenen bidez, etenda geratu dira 2020ko otsailaren 25eko Aginduan ezarritako epeak.
Agindu horren bidez, 2020-2021 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko eta itunpeko pribatuetan Batxilergoko ikasleak onartzeko eskabideak aurkezteko egutegi komuna ezartzen da; era berean, jarraibideak onartzen dira ikasleok onartzeko eta hezkuntza-maila horretan irakaskuntza ofizialak ematen dituzten ikastetxe guztietan matrikulatzeko.
Onarpen-eskabideak aurkezteko maiatzaren 4tik 15era bitarteko epea, agindu horretan ezarritakoa,aipatutako 463/2020 Errege Dekretuak eta haren luzapenek indarra galtzen dutenean zenbatuko da.
Onartutako azken luzapena maiatzaren 10ean indargabetuko denez, eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 11tik 22ra bitartekoa izango da, luzapen berririk egiten ez bada. Hala ere, eskabideak online aurkeztu ahal izango dira maiatzaren 4tik aurrera.
Apirilak 24, 2020 | Berriak
Etxealdian gauden bitartean, eta hizkuntza ohiturak etxetik hasten direla abiapuntu izanik, Euskaralditik ekimen berri batean parte hartzera gonbidatu gaituzte, apirilaren 24ean hasi eta 7 egunez jarraian.
Nola? Egunez egun, Euskaraldiko webgune zein sare sozialetan argitaratzen joango diren proposamen bizi eta bitxietan parte hartuaz. Norberak bere erritmoan egin ahal izango ditu, eta nahi dituenak hautatu ere, ez da derrigorrezkoa guztiak egitea.
Euskaraldian ohitura den lez, sare sozialetan aktibo izatera animatzen gaituzte buruturiko proposamenak gizarte guztiarentzako ikusgai egon daitezen. Argitalpenak egiterakoan gogoratu etiketak eta hashtag-ak erabiltzen:
#EtxealditikEuskaraldira, @Euskaraldia.
Parte hartzen ari garen seinale, etxeko leku batean, eta, ahal bada, kalera ikusgai, ikur modura ‘puntu’ urdin bat jartzera gonbidatzen zaigu.
Animatu eta parte hartu! Hemen duzue ekimenaren aurkezpen bideoa eta hemen, egunetik egunera proposatzen dizkiguten ekintzak.
#EtxealditikEuskaraldira
Euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan.