Telelana idazkaritzan

Familia agurgarriak:

Gogorarazi nahi dizuegu alarma egoeran jarraitzen dugun bitartean eta guztion segurtasuna bermatzeko asmoz, ikastetxeko idazkaritzak bere zerbitzua telelanaren bitartez eskainiko duela. Hortaz, ikastetxearekin harremanetan jarri nahi izanez gero, 618 137 938 telefono zenbakira deitu dezakezue ondorengo ordutegian: 9:00-13:00/15:00-17:00.

Dena den, gogorarazi nahi dizuegu edozein zalantza izanez gero, komunikazioa zuzenean tutoreekin egiteko aukera duzuela eta horretarako betiko kanal guztiak irekita egongo dira, ikastetxeko zuen helbide elektronikoa barne (@donostiajesuitak.org).

Bitartean, datozen asteei begira gerta litezkeen egoeren inguruan lanean ari gara, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jarraibideen zain gaude. Komunikazio ofizial bat izan bezain laster, helaraziko dizuegu.
Edozein zalantza izanez gero, zuen esanetara gaude.

Agur bero bat,

Idazkaritza

Jesuitak Donostia albistegietan

Poza handiz EITBko albistegietan gure ikastetxearen inguruan egindako erreportaia erakutsi nahi dizuegu.
Badakigu COVID-19aren ondorioz egun bizi dugun egoera ez dela erraza, baina gure aldetik ahal dugun guztia egiten ari gara zuen heziketa etxean ez dadila eten eta lortzen ari gara.

Baina lan hori ez da gurea bakarrik. Ikasle zein familia guztien aldetik jasotzen ari garen laguntza ikaragarria da eta, horregatik, eskerrak eman nahi dizizuegu. Eskerrak eta zorionak egiten ari zareten lan izugarriarengatik.

Laster elkar ikusteko eta egoteko aukera izango dugu, baina bitartean, hemen duzue zuen/gure egunerokotasunaren adibidea. Espero dugu zuen gustokoa izatea.

Eskerrik asko eta animo!!

Jesuitak Donostiak afari solidarioaren seigarren edizioa ospatuko du

Jesuitak Donostiako bigarren Batxilergoko ikasleek, afari solidarioaren edizio berri bat ospatuko dute hurrengo astelehenean, abenduaren 23an, ikastetxeko instalazioetan.

Ekimenaren helburua, Gabonak gure inguru gertuan gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonekin ospatzea da; hau da, kale gorrian bizi diren pertsonekin afari bat antolatuz eta ospatuz, eta denontzat onuragarriak diren ekintza xumeen bitartez mundua hobetzea posiblea dela onartuz.

Loiolaetxea eta Caritasekin elkarlanean egingo den ekimena, iluntzeko 21:00etan izango da ikastetxeko jangelan. Gazteek Gabonetako oporrak alde batera utziko dituzte egun batez, taldean lan egin eta beraien alderdi solidarioena erakusteko. Izan ere, afari solidarioa bizikidetza lantzeko aukera bat era bada eta baita mahaia, algarak eta ikaskuntza partekatzeko aukera ere, guztiak berdinak diren inguru batean.

2014. urtean martxan jarri zen ekimena

Batxilergoko lehenengo mailako ikasle batzuen ideia zoro eta alaitik, aurten 90 urte bete dituen Jesuitak Donostia ikastetxeko ekimenik ezagunenetako bat jaio zen 2014. urtean. Abiapuntua honakoa izan zen… Zergatik ez dugu kalean bizi diren pertsonentzako afari bat antolatzen beraiek ere Gabonak goza ditzaten?

Ideia sustatu zuten ikasleen irrika eta inplikazioari esker, lehenengo urtean afari solidarioaren arrakasta ikaragarria izan zen. Ikastetxeko maila guztiak mugiarazi zituzten, zuzendaritzarekin harremanetan jarri ziren jangela erabiltzeko baimena lortzeko eta erakunde ezberdinekin ere harremanetan jarri ziren proiektua bideragarri egiteko. Hortik aurrera urtero errepikatu den eta egun proiektu sendoa den ekimena da eta astelehenean bere 6. Edizoa burutuko da.

Gure eredua ezagutu nahi? Etorri ate irekien jardunaldira!

Jesuitak Donostia ikastetxean gure ikasketa eredu propioa amesten eta eraikitzen jarraitzen dugu eta hori guztia zuekin elkarbanatzea gustatuko litzaiguke.

Horregatik, haur hezkuntzako familiei zuzendutako ate irekien beste bi jardunaldi ospatuko ditugu. Lehenengoa azaroaren 27an izango da eta bigarrena urte hasieran, urtarrilaren 22an. Biak arratsaldeko 17:00etan izango dira LHko Da Vinci gelan.

Zatoz eta atsegin handiz zuen zalantzak argituko ditugu. Zure zain gaude!

Roberto Aguadok emozioek haurren hezkuntzan duten garrantzia aztertuko du

Roberto Aguadok, Psikologia Klinikoan aditu ospetsuak, hezkuntza oinarri emozionaletik jorratzearen garrantziaz hitz egingo du. “Lotura emozional kontzientea” (LEK) ereduaren egileak, errealitate zientifikotik soilik garatutako Adimen Emozionalaren lehen ereduak, haurren garapenerako eta ikaskuntzarako emozio positiboak sortzeko beharra azpimarratuko du.

“Bizitza osoan ala egunero maita zaitzaten nahi duzu?” izenburupean, Aguadok zabalduko du Jesuitak Donostiak bere 90. urteurrena dela eta antolatutako hitzaldi zikloa. Ikaskuntzaren pertsonalizazioaren erronka gelan, ikastetxeen eraldaketa eta berrikuntza izango dira “XXI. mendeko hezkuntzaren” esparruan landuko diren gaietako batzuk ikasturtean zehar egingo diren gainerako hitzaldietan, eta ikastetxeak laster emango du horien berri.

Roberto Aguadoren hitzaldia abenduaren 18an, asteazkena, izango da ikastetxeko Da Vinci aretoan 19:00etatik aurrera eta sarrera doakoa eta publikoari irekia izango da. Hala ere, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, hilaren 17a, asteartea, baino lehen, honako esteka honen bidez.

Julio Fontan hezitzaile eta ikertzaile kolonbiarrak Jesuitak Donostia bisitatu du

Julio Fontanek, Bogotako Fontan Ikastetxearen zuzendariak eta Hezkuntza Erlazionaleko Sistemaren sortzaileak, irailaren 25ean, gure ikastetxera bisita egin zuen hezkuntza-eredu berria bertatik bertara ezagutzeko asmoz.

Fontanek pozik hartu zuen Jesuitak Donostiaren estrategia azaltzeko ardura izan zuen ikastetxeko zuzendaritza-taldeak egindako harerra eta baita Lehen Hezkuntzako eta DBHko eredu berriak zein Haur eta Lehen Hezkuntzako pertsonalizazio didaktikoa sakontzeko bidean egiten ari diren urratsak eta hobekuntzak ezagutzeko izan zuen aukera.

Etenaldi baten ondoren, ikasleekin harreman pertsonala izateko aukera ere izan zuen Fontanek eta “Momentu Biribila” proiektua landu zuen haiekin. Gainera, Lehen Hezkuntzako ikasleekin egindako topaketak amaiera eman zion jardunaldi aberasgarriari eta, zalantzarik gabe, pertsonalizazioaren bidean ahalik eta modurik onenean aurrera egiteko balioko du. Izan ere, Fontanek berak, bisitaren ondoren, etorkizun bikaina aurreikusi zion Jesuitak Donostiari hezkuntza eredu berriaren esparruan egiten ari den bidean, eta “Jesuitak Donostia Europa osoari erakutsi beharreko adibidea” izango dela ere adierazi zuen.

Jesuitak
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.